Azken egunetako "jazarpen poliziala" salatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean
Urtarrilaren 23an manifestazio jendetsua egin zuten Parte Zaharrean, "gazte kriminalizazioa" salatzeko. (Argazkia: AZGA) Joan den astean ia gauero istiluak gertatu ziren Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleetan gazte batzuen eta Ertzaintzaren artean, eta guztira 40 bat lagun atxilotu dituzte eta 60 pertsona baino gehiago ikertzen ari dira. Parte Zaharra Aske plataformak manifestazioa egingo du larunbatean, 19:00etan, Konstituzio plazatik abiatuta, poliziaren “errepresioa” salatzeko.
Pasa den asteko hainbat “gehiegikeria” salatu dituzte: “Identifikazio arbitrarioak egon dira uneoro, aurrekari penalak dituzten pertsonen zuzeneko atxiloketak eman dira, etxera zihoazen langile ugariren kontra ere oldartu dira zipaioak, eta gazte ugari jipoitu dituzte atxiloketen unean eta komisaldegian”, salatu du plataformak.
Adierazi dutenez, beraiena ez da “mozkor borroka”: “Errepresioari modu kolektiboan aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dugu eta manipulazio mediatikoaren zein inpunitate polizialaren aurrean, elkartasuna antolatzen jarraitzeko borondatean berresten gara”.

