Asier Altunaren 'Hondalea' filma estreinatuko dute Zinemaldian
Euskal Zinemaren Galan estreinatuko dute Asier Altunaren 'Hondalea'. (Argazkia: Zinemaldia) Euskal Herriko hamazazpi lanek hartuko dute parte Donostiako Zinemaldian, eta tartean badira zinemagile donostiarrak edo Donostian grabatutako filmak. Esaterako, Euskal Zinemaren Galan estreinatuko da Hondalea, Asier Altunak zuzendutako ez-fikziozko filma, Cristina Iglesias artistak Santa Klara uharterako sortu duen obraren inguruan. Bestalde, Maru Soroles zinemagile donostiarrak bere bigarren film luzea estreinatuko du Zinemira sailean: Aztarnak. Gainera, lehiaz kanpo, Javier Garcia de Vicuñak zuzendutako Irabazi arte telesailaren lehen atala aurkeztuko dute EITB galan; Sua Enparantza donostiarra da aktoreetako bat.
Mikel Gurrea donostiarraren Heltzear film laburrak ere osatuko du Zinemaldiko programazioa, eta Sail Ofizialean zein Euskal Zinemaren Irizar saria jasotzeko lehian Iciar Bollainen Maixabel filma izango da; filmeko hainbat sekuentzia Donostian grabatu dituzte. Gainera, filmaren produkzioaz Kowalski Films arduratu da, Koldo Zuazua ekoizle donostiarrarena. Josu Martinezen Paperezko hegoak dokumentala –Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ingurukoa– eta Mireia Gabilondoren Erlauntza komedia ere izango dira Zinemaldian.
Zinemaldian lehiatuko diren gainerako euskal filmak honakoak dira: Javier Corcueraren No somos nada, Iñaki Alforja eta Iban Toledoren Bolante baten historia, Iker Elorrietaren El radioaficionado, Xabier Erkiziaren O Gemer, Maider Oleagaren Muga deitzen den pausoa, eta Hernan Zinen Pandemic Tour 2020 Belako filma. Lehiaz kanpo, Aitor Merino donostiarraren Fantasía film dokumentala eta Igor Legarretaren Ilargi guztiak. Todas las lunas film luzea izango dira Zinemaldian.
Lanketa prozesua
Filme bihurtzeko prozesuan dauden proiektuak Zinemaldiaren egitarauaren parte izango dira. Horietako bat da Marina Palacio zinemagile donostiarra, hedabide honek iaz elkarrizketatu zuena. Y así seguirán las cosas / And thus it will go on izeneko lehen film luzea lantzen ari da.

