"Harro egoteko modukoa da lau eguneko programa sortu eta aurrera eraman izana"
Donostiako Piratek osasun neurrietara egokitutako Kabotajea egin zuten aurreko astean. Nabarmendu dutenez, denetariko pertsonak gerturatu ziren Trinitate plazara, eta herri bazkaria kaian egin izanari garrantzia eman diote: "Piraton gunea kaia da", esan dute.
Piratek herri bazkaria egin zuten Kaimingaitxon; 250 lagun elkartu ziren. (Argazkia: Amaia Sorzabalbere) Aste Nagusia izan beharko zuen aurreko asteak, baina ez da horrelakorik izan. Udalak Abuztua Donostian egitasmoa antolatu du: abuztu osoan denetariko kultur ekitaldiz bete da hiria. Programa kulturala datorren astean amaituko da, eta orduan egingo dute balorazioa.
Donostiako Piratek, berriz, Kabotajea egin dute abuztuaren 19tik 22ra bitartean, eta balorazio “oso positiboa” egin dute: “Martxoan hasi ginen biltzen eta egoera zela eta ez genekien ezer egiteko gai izango ote ginen. Azkenean egitarau bat egiteko beharra ikusi genuen, ezin baikenuen beste uda bat Aste Nagusi Piratarik gabe utzi, eta hala, antolatutako guztia ondo egiteko gai izan gara eta pozik gaude emaitzarekin”, azaldu du Aiora Enparantza piratak.
Trinitate plaza izan da piraten eremua, eta Kabotajea denetariko jarduerek osatu dute: haur jolasak, hitzaldiak, Bizikrossa, kontzertuak, bertso saioak eta herri bazkaria egin dituzte, besteak beste.
Denetariko piratek bete dute plaza
Parte hartze zabala izan du Kabotajeak, eta 400 pertsona biltzera iritsi dira Trinitate plazan. Profil ezberdinengana iritsi izana nabarmendu du Bittor Hernando piratak: “Era askotako jendea gerturatu da Kabotajera; gehienbat gazteak gerturatu dira, baina jardueraren arabera aldatu da parte hartzaileen profila. Gazte profilen barnean ere ez da jende berdina gerturatu Duplaren kontzertura, Sara Zozayarenera edo eta Ibil Bedirenera. Muxikoetan ere belaunaldi ezberdinak ikusi ditugu eta esan beharra dugu helduekin batera gazte asko animatu zirela Trinitate plaza dantza-plaza bihurtzera”.
250 pirata, herri bazkarian
Piratak gehien gogobete dituen jarduera herri bazkaria izan dela uste du Enparantzak: “Donostiako kaian, abuztuan turistaz beterik dagoen pasealeku batean, 250 pirata inguru herri bazkari batean egoteak badu bere pisua; horrek erakutsi digu edozer egiteko gai garela eta kaia dela piraton gunea”. Abordatze sinbolikoa ere egin zuten, eta “kaiaren pribatizazioa” salatu zuten.
“Pozik gaude Donostian Kabotajea antolatzeko ekimena izanagatik. Herri mugimenduen egoera ez da samurra eta inoiz baino oztopo gehiago topatu ditugu bidean. Gainera, ez da sanferminik izan, eta Gasteizko jaiek ere arazoak izan dituzte. EHZ-ren kasuan beste neurri batzuk dituztenez ezberdina da… Presio pixka bat bagenuen, lehenengotakoak baikinen horrelako egitarau zabal bat antolatzen, eta beraz, harro egoteko modukoa da lau eguneko programa sortu eta aurrera eraman izana”, Hernandoren ustez.
“Gogotsu” jarraituko dute piratek lanean, Enparantzak esan duenez: “Gure helburua, osasun neurriek hala uzten badigute, kaira bueltatzea da, gure guneak berreskuratu eta Donostia abordatzeko!”.

