Azora funtsa alokairuen igoera "eskandalagarria" proposatzen ari dela salatu dute
(Argazkia: Kaleratzeak Stop) Azorak kalteturiko maizterrak, Kaleratzeak Stop eta Alokairu Bentaberri plataformek Azora funtsaren jokabidea salatzeko oharra plazaratu dute. Bukatzen ari diren kontratuei alokairuaren %33ko igoera “eskandalagarria” proposatzen ari direla jakinarazi dute. Horren kontrako elkarretaratzea egingo dute irailaren 4an, 11:30ean, I.V-Azoraren egoitzaren aurrean, Ijentea kaleko 2. zenbakian.
“Funts putreak berriz ere bere atzaparrak atera ditu uztailean bi burofaxen bidalketarekin. Oraingoz bi maizterri, Iñakiri eta Virginiari, jakinarazi die Ategorrietako etxebizitzen hiru urteko kontratuen amaiera, abuztuaren 31n eta irailaren 30ean, hurrenez hurren. Halaber, jakinarazi die, %33ko igoera, egungo 775 eurotik 995 eurora eta 800 eurotik 1050 eurora gehi gastuak, onartzen ez badituzte, etxebizitzak utzi eta giltzak bueltan eman beharko dituztela. Igoera eskandalagarri hau luzapen tazituan daudenei ere zuzenduko diete”, azaldu dute hiru plataformek.
Iñakiren eta Virginiaren familiek diru sarrera apalak dituztela gaineratu dute, eta horiekin egungo alokairuak ordaindu ditzakete, baina ezin diote igoera horri aurre egin. Beste maizter asko egoera hortan egongo direla diote, kontratuak gainditzen dizkietenean. “Gainera, Iñaki Setien Azorak kalteturiko maizterren elkarteko presidentea da. 21 urte baino gehiago daramatza bere emaztearekin bizitzen eta etxebizitzaren kontratuaren titularra da, bere poltsikotik ordainduta berritu duena, beste bizilagun askok bezala. Osasun Iturria eta Ategorrieta kaleko etxebizitzak, duela 13 urtetik bizi den Virginiakoa kasu, erreformatu gabe daude, hutsik alokatzen dira eta ez dute berogailurik. 800 euro ordaintzen ari da eta 1050era igo nahi dute; hau lukurreria da”.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Alokairuaren Merkatuari buruzko Estatistikan (AME) Groseko alokairuen batez besteko prezioa 800 euro ingurukoa dela azpimarratu dute hiru plataformek. “Beraz, maizter gehienak alokairu handiagoak ere ordaintzen ari dira, 1.000 euroraino etxebizitza huts eta erreformatu gabeko horiengatik”.

