Sagnanek utzita jokatuko du Tondelan
Modibo Sagnan, Realarekin jokatutako partida batean. (Argazkia: Reala) Modibo Sagnan atzelariak ez du Realaren elastiko txuri-urdina jantziko denboraldi honetan, Tondela talde portugaldarrean jokatuko baitu utzita. Astearteko 22:00ak aldera itxi zuten operazioa, fitxaketen azokaren azken orduetan.
Sagnanek ez zituen minutu asko izan pasa den denboraldian, eta aurtengoan ere jokatzeko aukera gutxi izango zituela aurreikusten zen, beraz, operazio ona da jokalariarentzat eta Realarentzat. Alde batetik, aurreikusi daiteke atzelariak minutu asko izango dituela talde portugaldarrean Paco Aiestaranen aginduetara, iaz bere historiako denboraldirik onena egin ostean (12. gelditu zen ligan), taldeko jokalaririk onenak beste talde batzuetara joan baitira. Bestetik, Imanol Alguacilek talde txikiago batekin egingo du lan denboraldi honetan, 25 jokalarikoa.
Horrela, Realak sei irteerarekin eta hiru fitxaketarekin itxi du uda: Modibo Sagnanek, Miguel Angel Moyak, Kevin Rodriguesek, Jon Bautistak, Martin Merquelanzek eta Willian Josek taldea utzi dute, eta Mathew Ryan, Diego Rico eta Alexander Sorloth iritsi dira.

