Denetariko elkarguneak eta formakuntzak antolatu ditu Emakumeen Etxeak
Emakumeen Etxeak abendura arteko programa aurkeztu du, eta denetariko elkarguneak, formakuntza blokeak eta matraka guneak antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Okendo kaleko 9. zenbakian dagoen Emakumeen Etxeko ikastaroetan izena emateko epea irailaren 12an amaituko da, eta eskaintzen dituzten zerbitzu eta ikastaro guztiak doakoak dira.
Lehenik, elkarguneak osatuko dituzte: urte osoan zehar emakumeak elkartzeko helburua dute, talde desberdinetan. Indarkeria matxistari aurre egiten dioten edo aurre egin izan dioten emakumeak taldean elkartzeko gune bat dago, neska gazteentzako jabekuntza gune bat dago, taldeko laguntza psikologikoa, desgaitasuna duten emakumeen ahalduntze taldea eta jatorri askotariko emakumeentzako kulturarteko gunea.
Bigarrenik, honako formakuntza blokeak eskainiko dituzte:
- Indarkeria ikusezina? Artean dagoen emakumearen irudia
- Urbanismoa genero ikuspuntu batetik
- Bizirauteko feminismoa II
- Erotismoa eta autoezagutza
- Genero arrakala itxialdia eta gero: ekonomia, lana eta zaintzak
- Autodefentsa feminista
Zenbait matraka gune ere sortuko dituzte, lanketa feministak egiteko: irakurle eskola feminista, Zubi artistikoak euskal literaturan, Parleras, Ventanera: parke eta lorategien zerbitzua, antzerki laborategi feminista, clown, flamenko feminista, abesbatza, xakea eta batukada feminista.