Egiako lur azpiko pasabidea hilabete honetan itxiko dute
Euskal Trenbide Sareak eta Donostiako Udalak data zehatz bat eman ez badute ere, irailean itxiko da tuneleko bidea. Horren ordezko goiko pasabidea dagoeneko eraiki dute, eta laster izango da erabilgarri.
Abiadura Handiko Trenaren geltokiko lanen ondorioz, pasabide bat itxi eta beste bat zabalduko dute hilabetea bukatu aurretik. Iazko uztailean hasi zituzten Norteko geltokia AHTaren geraleku bihurtzeko lanak. Ordutik, hainbat lan egin dituzte inguruan, eta, orain, Egia eta Erdialdea lotzen dituen bidea aldatuko dute. Horretarako, Terminus hotela eta Mandasko Dukearen pasealekua lotuko dituen goiko pasabidea eraiki dute, eskailerekin eta igogailuarekin. Erabilgarri jarri orduko itxiko dute Egiako lur azpiko tunela, eta denbora luzerako izango dela dio udalak. Ordea, ez dakite zehazki noiz itxiko duten, obraren arduraduna den Euskal Trenbide Sareak argitu ez duelako.
Ekainaren hasieran Egia eta Erdialdea lotzen zituen trenbide gaineko pasabidea itxi zuten, eta ordutik, lur azpiko pasabidetik joan daiteke soilik alde batetik bestera. Ordea, laster itxiko dute hori ere, eta, orduan, eraiki berri duten goiko pasabidetik igaro beharko da alde batetik bestera. Izan ere, pasabidea ireki ondoren, etorkizuneko geltokia, sarbideak eta abar hartuko dituzten pantailak induskatzeko lanei ekin ahal izango zaie. 2022ko udan bukatzea aurreikusten dute. Behin-behineko geltokiak eskailera finkoak eta igogailua izango ditu, eta Nestor Basterretxea plazan izango du sarbidea. ETSk adierazi duenez, aurreikusitako datak bere horretan mantentzen dira, nahiz eta pasabideen aldaketa noiz izango den argitu ez duten.
Atotxako geltoki berria Norteko geltokiaren eta Tabakalera inguruaren egungo arkitekturan txertatuko dela adierazi du ETSk, eta, eta, aldi berean, hainbat garraiobideren arteko lotura bultzatuko duela. Garraiobide horien artean izango dira, besteak beste, aldirietako trena, abiadura handiko trena eta autobusak. Gainera, trenbide zabalgune berriaren gainean eta Tabakalerako eraikinaren lehen solairuaren parean eraikiko den estalkiarekin, 5.723 metro karratuko azalera duen espazioa sortuko da.