Bidebietan Zinebide zinema zikloa egingo dute estreinakoz
Hainbat astez auzoko eragileen babesa bilatzen aritu ostean, Bidebieta-La Paz bizilagun taldeak sustatutako Zinebide zinema zikloa errealitate bat da Bidebietan. Hain zuzen, ostiralean (hilak 10) eta larunbatean (hilak 11) egingo dute, eta lau film proiektatuko dituzte; bi euskaraz eta beste bi gaztelaniaz.
Ostiralean, haurrentzako Asterix: edabe magikoaren sekretua (Alexandre Astier eta Louis Clichy, 2018) filma proiektatuko dute 19:00etan, eta helduentzako Enperadorea (Peter Webber, 2014) filma eskainiko dute, 22:00etan; biak ala biak euskaraz izango dira. Larunbateko bi filmak, aldiz, gaztelaniaz izango dira: Gru, mi villano favorito 3 (Pierre Coffin eta Kyle Balda, 2017) 19:00etan, eta Gran Torino (Clint Eastwood, 2008) 22:00etan.
Emanaldi guztiak Bidebietako frontoian izango dira, eta film bakoitzerako sarbidea proiekzioa hasi baino ordubete lehenago irekiko dute, jende pilaketak saihesteko. Ehun pertsonako edukiera izango dute, eta sarreran tenperatura neurtuko zaie pertsona guztiei, baita gel hidroalkoholikoa eman ere. Horregatik, antolatzaileek denborarekin joateko gomendatu diete auzotarrei. Bestalde, frontoitik gertu dauden bi taberna irekita egongo dira, kontsumizioak eskatzeko eta komuna erabili ahal izateko: Erreka taberna eta A.P.M. Guardaplata taberna, hain justu.
Asko izan dira Bidebieta-La Pazekin elkarlanean aritu diren edo Zinebideren proiektua babestu duten eragileak, besteak beste, Donostiako Udala, Zineuskadi, A Contracorriente Films eta Vertice 360. Horrez gain, auzoko establezimendu eta eragile herrikoi ugarik ere zinema zikloa babestu eta lagundu dute: hala nola, Auzokide auzo elkarteak, Txanpontxo kultur elkarteak eta Zumardi tabernak. Eragile guztiak zikloaren kartelean ikus daitezke.