Realak gol festarekin abiatu du denboraldia
Eskubaloian, Bera Berak ezin izan zuen larunbatean Espainiako Superkopa irabazi. Torrelavegako finalean Elx nagusitu zen (23-18).
(Argazkia: Reala) Aldaketak aldaketa, Realak pasa den sasoiko gosearekin hasi du emakumezkoen liga. Txuri-urdinek lau gol egin zizkioten Valentziari atzo, Zubietan (4-1). Amaiur Sarriegik bi egin zituen, Cecilia Marcosek bat eta Sanni Franssik beste bat. Datozen jardunalditan ikusi beharko da golak egiteko makinari eusten dioten, baina argi dago aurreko lerroan jokalari apartak dituela Realak.
Eskubaloian, Bera Berak ezin izan zuen larunbatean Espainiako Superkopa irabazi. Torrelavegako finalean Elx nagusitu zen (23-18). Horrela, Donostiako taldeak ezin izan du denboraldiko lehen titulua eskuratu. Orain, liga eta Europako txapelketa dituzte zain.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek oraindik ez du abiatu denboraldia, baina Euskal Kopan parte hartu dute pasa den asteburuan. Finalera iritsi arren, Gernikaren kontra galdu zuten atzo (60-52). Dena dela, denboraldiaurrean ematen ari diren mailarekin gustura daude.
Arraunean, Kontxako emakumezkoen eta gizonezkoen lehen jardunaldia jokatu zen atzo. Donostia Arraun Lagunak izan zen onena nesketan, eta Donostiarra hirugarren. Biak ala biak ohorezko txandan ariko dira datorren igandeko bigarren jardunaldian. Oriok eta Hondarribiak osatuko dute txanda. Aldiz, Hondarribiak egin zuzen denborarik onena mutiletan, eta Donostiarra bosgarren sailkatu zen. Horrela, ohorezko txandatik kanpo geratu ziren.

