Zakur batek Kristinaeneako paumen txita bat hil du
Kristinaeneako paume populazioa zertxobait handitu zen ekainean, parkeko paumek gutxienez bi txita izan baitzituzten; ordea, Eguzki Erakunde Ekologistak asteburuan salatu duenez, txita horietako bat hilda agertu da, zakur baten erasoa jasan ostean. Ekologistek zabaldutako argazkian ikus daiteke txitak lepoa hautsita daukala, erasoaren ondorioz.
Donostiako Udalak gertatutakoa gaitzetsi du, eta Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak gogorarazi du zakurrak lotuta eraman behar direla parketik: “Behin eta berriro errepikatu behar dugu zakurrek ezin dutela lotu gabe ibili; ez kaleetan, eta ez parke eta lorategietan. Ez da bidezkoa asteburu honetan Kristinaenean gertatutakoa. Izan ere, aske zegoen zakur batek pauma bat akatu du. Zakur horren jabearen ardura eza salatzekoa da”.
Ez da halako zerbait gertatzen den lehenengo aldia. Besteak beste, iazko urrian, zakur batek ahate bat hil zuen parkean, eta paumen hainbat txita ere hil edo desagertu egin izan dira.