Iñigo Llopis eta bere zilarrezko domina Donostian dira
Iñigo Llopis igerilari donostiarrak Tokioko Paralinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu zuen bizkar estiloko 100 metroko proban, eta beste hiru diploma eskuratu zituen. Donostian da bueltan, eta zilarrezko domina lepotik zintzilik duela gustura ibili da Kontxako pasealekuan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura, Kirol eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin izan da gaur arratsaldean Londres hotelean.
Sailburuak zoriondu ostean, igerilari donostiarrak poza adierazi du: “2016ko jokuetara, 17 urterekin, pixka bat ustekabean joan nintzen, eta han bizitako esperientzia oso lagungarria izan da joku hauetan prestatuago egoteko. Urtero oso gogor egin dugu lan, eta hobetzen joan gara. Pandemia garaia izateko, edukitako emaitzak oso onak izan dira”, adierazi du Iñigo Llopisek.
Pozik dago Llopis izandako emaitzekin, eta pandemia garaian entrenatzea gogorra izan dela adierazi du: “Igerilariok normalean ez ditugu hamar egun baino gehiago pasatzen uretan sartu gabe, eta hilabete asko egon garenez etxean sartuta, gogorra izan da. Nire etxeko garajean gimnasio moduko bat jarri genuen, eta hor ibili ginen bizikletan, pesekin eta gomarekin. Gogorra, baina ondo pasatu genuen ere. Hainbeste denbora pasatu nuen etxean, atera gintezkeen lehen aldian Kontxara joan bainintzen igeri egitera, umetan Olentzero etorri behar zenean sentitzen nuen urduritasun berarekin”.
Kirol paralinpiarrean aurrerapausoak ematen ari direla uste du Llopisek: “Pixkanaka ari gara gerturatzen olinpiarrek daukaten erreperkusio mailara. Urte osoan asko egon gara entrenatzen, eta Olinpiar Jokoak hasi zirenean urduri jarri ginen. Tokiora bidean eta hor bertan jaso ditudan animoak asko izan dira. Pixkanaka ari gara lortzen ezagunagoak izatea, eta kirol maila altuagoa izatea”.