Koreako Kultur Jaialdia egingo dute Donostian
Bihartik hilaren 30era arte Koreako Kultur Jaialdia egingo dute Donostian, lehen aldiz. Denetariko ekitaldiak antolatu dituzte Espainiako Estatuko Zentro Kultural Korearrak, Donostiako Udalak eta Donostia Turismoak: kontzertuak, erakusketak, ipuin kontaketak, jardunaldi gastronomikoak eta Zinemaldian txertatuta egongo den zinema korearrari buruzko atzerabegirako bat, besteak beste.
Jaialdiko lehen ekitaldia kontzertu bat izango da: Maureen Choi Quartetek kontzertua eskainiko du etzi, 19:30ean, Musikeneko auditorioan. Hilaren 14an, leku eta ordu berean, Jinjoo Cho biolin jotzaile korearrak emango du kontzertua.
Bestalde, larunbat eta igande hauetan Tabakalerako Z aretoan haurrentzako ipuin kontaketak egingo dituzte, 12:00etan. “Bidaia zirraragarri bat egingo dugu irudi lauen antzokiarekin, maskarekin eta 4 Lunas konpainiak eskainitako musikarekin batera”, azaldu dute antolatzaileek.
Iraila amaitu bitartean Koreako turismoaren argazkien erakusketa izango da Gipuzkoa plazan, eta hilaren 15etik 26ra truke gastronomikoa egingo dute zenbait jatetxetan: Baluarte Donostia, Bare Bare, Aralar, Baztan, Casa Alcalde eta Bodega Donostiarra jatetxeetan jaki korearrak dastatzeko aukera izango da.
Zinemaldiaren barruan ere izango da jaialdi korearra, eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Koreako hamar lan proiektatuko dituzte atzerabegirako batean. ADG7 musika talde korear ezagunaren kontzertuarekin amaituko da jaialdia, hilaren 30ean. Victoria Eugenia antzokian emango dute kontzertua, 20:00etan.