Kursaaleko fatxada artelan digital bihurtu da ilunabarrean
Jaime de los Rios artista donostiarraren ‘Crimson Waves’ obraren proiekzioaren estreinaldia izan da Kursaaleko fatxadan. Irekiak Gallery Weekend-en egitarauaren barruan antolatu dute artelan digitalaren proiekzioa, izan ere, asteburuan arte garaikidea izango da hiriko protagonista, erakusketa-denboraldiaren irekierari hasiera emanez.
Gau giro epelak eta Kursaal jauregiko fatxadaren koloreek giro ederra sortu dute ibaialdean, jende ugari hurbildu baita natura eta hiria nahasten dituen obra koloretsu eta bizia ikustera.
Gaur estreinatu duten arren, bihar eta etzi ere ikusgai izango da. Larunbatean 20:30etik 01:00ak arte eta igandean 20:30etik 00:00ak arte ikusi ahal izango da. Inaugurazio ekitaldian Jon Insausti, Donostiako Kultura zinegotzia, Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia, Iker Goikoetxea, Kursaaleko zuzendari-gerentea eta Jaime de los Ríos artista izan dira.