Topoak trenbide bikoitzeko zirkulazioa berreskuratuko du Lugaritz inguruan
Euskal Trenbide Sareak jakinarazi duenez, datorren astelehenean Topoak trenbide bikoitzeko zirkulazioa berreskuratuko du Lugaritzeko geltokiaren irteeran. Horrela, bukatutzat emango dituzte Lugaritz eta Amarako etena kenduko duen etorkizuneko metroaren saihesbidea lotzeko lanak. Lan horien barruan hiru terminal berri eraikiko dira: Bentaberri, Erdialdea-Kontxa eta Easo.
Lugaritzeko saihesbidea Topoaren saihesbidearekin lotzeko hondeaketa lanen ondorioz, joan den urteko otsailetik, metro batzuetan trenbide bakarretik zirkulatu behar izan zuen topoak geltokiaren irteeran, Amararako noranzkoan, lanak gertu zeudelako.
Lugaritz-Mirakontxa tartea 2,1 kilometro da luze, eta gaur egun zerbitzua ematen ari den Lugaritzeko tunelean hasten da. Geltokiaren irteeran, Amararako noranzkoan, elkargune bat egin da, puntu horretatik saihesbidearen trazadura berrirantz joan ahal izateko, edo egungo tuneletik zirkulatzen jarraitzeko.
Horretarako, iazko maiatzean, zerbitzuan zegoen tunelaren eta saihesbidearen arteko lotura egin zen. Azken horrek lotuko du Bentaberriko geralekuarekin. Ondoren, lehendik zegoen tunela handitu zen, 12 metroko zabaleratik 20 metrora arte, lau trenbideak jasotzeko, bakoitzari dagokion tuneletik desbideratu aurretik.
Lehenengo tartea Mirakontxan bukatzen da, eta han hasten da 2,1 kilometroko luzera duen bigarrena, Easoko geltokian bukatzeko. Han egongo da trenbide saihesbidea egungo trenbidearekin lotzeko beste puntua. Morlans inguruan dago, geroago eraikiko den Easoko terminala baino pixka bat aurrerago, Anoetako noranzkoan.