Isabel II.aren etorbidean ez da bidegorririk izango
Amara Berriko Isabel II.aren etorbidea berritzen ari dira, eta Amara Berri Auzo Elkarteak eta Kalapie elkarteak Donostiako Udalari eskatu zioten kalean bidegorri bat jartzeko, semaforizazioa pixka bat egokituta. Hala ere, Donostiako Udalak ez du proposamena onartu, eta ez da bidegorririk izango Isabel II.aren etorbidean.
Honakoa zen proposamena: “Gaur egun, 30 errei berria martxan dela, trafikoa arautzen duten hiru semaforo-egoera daude. Guk laugarren bat proposatzen dugu bizikletentzako trafikoa askatzeko. Gaur egun, semaforo-sekuentziaren iraupena 01:30 minutukoa da, eta sekuentzia horri 15 segundo gehituta, bizikletentzako zirkulazio arina izango genuke, inorentzat arriskurik gabe, eta auzorako eta bere mugikortasunerako bizikleta-errei bat. Hori guztia, egiten ari den hobekuntza obraren barruan kostu txiki batekin”. Bidegorriak Isabel II.aren etorbidea alde batetik bestera zeharkatuko luke: Irun plazatik Karlos I.aren etorbideraino. Horrela, auzoa ekialdetik mendebaldera lotuko litzateke bidegorriaren bidez, auzo elkartearen arabera.
Bidegorria eraikitzeko proposamena berritze lanak hasi aurretik egin zuten auzo elkarteak eta Kalapiek, baina udalak ez zuen aintzat hartu. Amiantozko hodi batzuen agerpenak obren atzerapena eragin zuen maiatzean, eta orduan berriro ahalegindu ziren auzo elkartea eta Kalapie proposamena egiten. Udalak atzera bota du uztailean, behin betiko.