Udalak seigarren urtez jarraian babestuko du Zinemaldiaren Donostia Hiria Publikoaren Saria
Aurten ere Donostia Hiria Publikoaren Saria babestu eta banatuko du udalak Zinemaldian. Herritarrei egindako omenaldia da egitasmoa, haiek direlako bozketa bidez saria nori eman aukeratzen dutenak. Donostia 2016ren testuinguruan sortu zen saria, eta Europako Kultura Hiriburuaren legatu gisa dirau.
Perlak sailak 17 film luze erakutsiko ditu aurten, eta horietako 14 Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko lehiatuko dira. Hautaketan dauden titulu guztiek nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzte. Viktoria Eugenia antzokian proiektatuko dira eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren bukaera galan emango da.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua, eta Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, betiko hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak.
Iaz, Florian Zellerren The Father lanak irabazi zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta ondoren aktore nagusi onenaren Oscar saria (Anthony Hopkins) eta gidoi onenaren Oscar saria irabazi zituen, baita Europako film onenaren Goya saria ere. Halaber, Maite Alberdiren El agente topo / The Mole Agent Europako film onenaren irabazlea izan zen Donostian eta film luze dokumental onenaren Oscar saria lortzeko lehian parte hartu zuen.
Doako sarrerak
Zinemaldiarekin batera, udalak Zinemaldirako doako sarrerak banatuko ditu behar ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean. Aurten ere, edukiera eta sarrera kopurua murriztu direnez, Gizarte Ekintzako udal zerbitzuen bidez oraindik zehazteke dagoen sarrera batzuk banatzea adostu dute bi aldeek.