Kontxako Bandera mugarri izatea nahi dute
Asteartean, IRUTXULOKO HITZA Lugañenea baserrian izan zen, beraien egoitzan. Bi arraunlarirekin, presidentearekin eta entrenatzailearekin hitz egiteko aukera izan zuen hedabide honek.
Igandetik, batez ere, olatuaren gainean dago Donostia Arraun Lagunak. Kontxako Bandera irabazita, behar bezala ospatzen ari dira, elkarrizketak, harrerak eta bestelakoak eginez. Historia berridatzi dute, 71 urte luzeren ondoren. Gainera, hiriko lehen emakumezko trainerua da Kontxa irabazten duena. Hori guztia oso presente dute.
Asteartean IRUTXULOKO HITZA Lugañenea baserrian izan zen, beraien egoitzan. Itziar Eguren presidentearekin, Juan Mari Etxabe entrenatzailearekin, eta Eztizen Duque eta Lorea Etxabe arraunlariekin hitz egiteko aukera izan zuen hedabide honek. Kontxako Banderaren bigarren jardunaldi erabakigarriaz, egindako denboraldi bikainaz eta etorkizun hurbilaz aritu ziren.
Jakin badakite historia egin dutela. Lehen aldiz irabazi dute Kontxa, baina baita ere liga eta Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketak. Ia dena irabazi dutela esan daiteke, eta argi dute zaila izango dela horrelako denboraldi bat errepikatzea. Halere, lasai daude, eta uneaz gozatzen. Bi arraunlarien, presidentearen eta entrenatzailearen hitzek agerian uzten dute zer nolako garrantzia duen klubarentzat aurten lorturiko guztiak.
Donostia Arraun Lagunak izango da biharko astekariko azala eta erreportaje nagusiko protagonista. Osorik irakurri ahal izango da paperean eta webgunean.