Coral Homes putre funtsak 60 egunez utzi du bertan behera Ramonaren, Amara Berriko bizilagunaren, etxegabetzea, bart gauean posta elektroniko bidez jakinarazi duenez. Pozik agertu dira Kaleratzeak Stop plataformako kideak eta nabarmendu dute "hau bezalako salaketa publikoek eta mobilizazioek, bere emaitzak ematen dituztela". Bertara gerturatu diren eragile eta norbanako guztiei eskerrak eman dizkiete eta datozen deialdietan parte hartzera dei egin dute.
Ramona Amaran Berrin bizi den 70 urteko alargun jubilatua da. Bere semeak abiatu zuen negozio berri baten abala egin zuen Ramonak bere etxearekin, “guraso askok eta askok” egiten duten bezala. Negozioak porrot egiterakoan, ordea, Buildingcenter-ek (Caixabanken higiezin agentzia) Ramonaren betiko etxebizitza alokatzea negoziatu zuten, 920 euroan. Ramonak duen 689ko alarguntasun-pentsioarekin eta semearen lan partzialekin, nekez ordaindu zezaketen. Ordurako Buildingcenter-ek Coral Homes funts putreari saldu zion etxebizitza, eta eurek dira etxegabetze salaketa egin dutenak.
Funts putreen kontra
Kaleratzeak STOP plataformakoek argi utzi nahi izan dute “Caixabankek eta gainontzeko banketxeek sozietate-sare iluna osatu dute higiezin eta funts putreekin batera, eta beraiek dira egoera honen erantzule nagusiak”. Gaineratu dutenagatik, alokairuen prezio “espekulatiboen” erantzuleak banketexe eta euren sareak dira, eta “horregatik ezin da alokairuaren prezioa erregulatu”.
Inquilinos Azora elkarteko kideak ere prentsaurrekoan izan dira, eta gogora arazi dute Vascongada Higiezin agentzia ohiak, 320 etxebizitza saldu zizkiola Azora funts putreari, alokairuen prezioen %33ko igoera egin dutenak, hainbat bizilagun euren etxeetatik kanporatuz. “Donostian Azora, Blackstone eta Testa-Socimi ditugu, eta horien aurrean mobilizatzen jarraitu beharra dugu”.
Adierazi dutenez, Eneko Goia alkateak konpromisoa erakutsi zuen etxegabetze honen aurrean akordioa lortzeko. Edozein kasutan, 60 eguneko epean negoziatzen jarraitu beharra adierazi dute, eta funts putrearen “gogorkeriaren” arabera, Kaleratzeak STOP, Bentaberri eta Inquilinos Azora plataformek aurre egingo dietele adierazi dute, baita etorriko diren beste askoren aurrean.
Gaurko prentsaurrekoan ondoko eragile eta alderdiek hartu dute parte: LAB, ELA, ESK, CCOO, EHBildu, Elkarrekin Podemos eta Ezker Batua.