EH Bilduk dio Eneko Goiak zalantzan jarri dituela metroko lanek kalteturiko herritarrek jasotako gutunak
Metroko lanen inguruan aritu ziren atzo, Donostiako Udaleko udal batzordeetan eta Eusko Legebiltzarrean. Udaleko batzordeari dagokionez, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aurkezturiko premiazko interpelazioak jorratu zituzten.
Donostiako metroaren lanak. (Argazkia: ELA sindikatua) EH Bilduk salatu du metroaren lanek kalteturiko hainbat herritarrek obraren ardura duten enpresen aldetik klausula bat sinatzeko presioak jaso dituztela. Horren inguruan galdegin zioten atzo udal batzordeetan Eneko Goia alkateari, eta honek zalantzan jarri zuen herritarrek horren inguruko gutunik jaso izana.
EH Bilduk nabarmendu duenez, metroko lanek kalteturiko herritarrei exijitu diete kalte-ordaina kobratzeko klausula bat onartzea, etorkizunean kalte gehiago ez salatzeko. “Kaltetuak une gogorrak ari dira pasatzen, klausula hori sinatzeko presioak oso handiak baitira eta administrazio publikoek haien babesa erakutsi beharko liekete, batez ere gertuko erakundea den udalak”.
Batzordean, Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak metroko lanen enpresa arduradunen sinatutako gutunak erakutsi zizkion alkateari, Kontxako eta Bentaberriko zatiei dagozkienak. Goiak, ordea, “normaltasun itxura” ematen saiatu zela dio udal taldeak. “EH Bilduk egindako interpelazio zuzenaren aurrean, Goiak uko egin zion publikoki kaltetutako donostiarrei babesa emateari”.
Segurtasuna hizpide
Eusko Legebiltzarrean, berriz, EH Bilduk metroko lanetan “segurtasuna” bermatzeko ikerketa geotekniko bat egitea eskatu zuen. Hain zuzen ere, Erdialdean sorturiko zuloak direla eta, eremua egonkorra den jakiteko ikerketa bat beharrezkoa dela adierazi zuten. Elkarrekin Podemosen eta PPren babesa jaso zuten, baina EAJk eta PSE-EEk euren gehiengoa baliatu zuten eskaera baztertzeko. Horren ordez, beste mozio bat adostu zuten bi alderdiek, metroko lanekin orain arte bezala jarraitzeko. Eneko Andueza sozialistak esan zuen egindako kontrol eta ikerketa guztietan ez dela “patologia eta afekziorik” topatu eremuan.
EH Bilduk elkarretaratze bat egingo du hilaren 26an, “erakunde publikoen aldetik babes eta autokritika falta” salatzeko. Antiguako Bentaberri plazan izango da 12:00etan, eta ondorengo leloarekin: Eusko Jaurlaritzaren harrokeriaren aurrean, bizilagunak babestu.

