Hasi dira Kontxako pasealekuko obrak
Donostiako Udalak esku hartze handi bat abiatu du gaur Kontxako hondartzaren inguruan, eta lanek bederatzi hilabete iraungo dute. Duñike Agirrezabalaga Proiektu eta Obretako zinegotziak eta Pilar Arana Mugikortasun eta Garraioko zinegotziak eman zuten ostiralean proiektuaren berri, eta lau esku hartzek osatuko dutela azaldu dute: kostaldeko horma konpondu eta handituko dute, Kontxako baranda berrituko dute, San Martin eta Zubieta kaleetako zirkulazioaren noranzkoak behin betiko aldatuko dituzte eta Kontxako bidegorria berritzeko hirugarren fasea gauzatuko dute, Ibaetako bulkada hodiak luzatzearekin batera. Lanek 2.559.000 euroko aurrekontua dute, eta Moyua enpresari adjudikatu dizkiote, lehiaketa publiko baten bidez.
Gaur lanak hastearekin batera, lehenengo aldaketak egingo dituzte zirkulazioan: hain zuzen, Zubieta eta San Martin kaleetan errei bakarra utziko dute, eta hainbat mozketa egingo dituzte Zubieta plazaren inguruan. Ordea, hilaren 28an iritsiko dira aldaketa handienak, lanak direla eta, Kontxako pasealekuan errei bakar bat utziko baitute irekita, eta semafoto alternatiboez araututa, garraio publikoak, taxiek, motorrek eta larrialdietako ibilgailuek ibili ahal izango dute soilik errei horretatik. Autoek, beraz, ezin izango dute Kontxako pasealekutik pasa datozen bederatzi hilabeteetan, 2022ko ekainera arte, alegia. Horrela, ibilgailu pribatuen erabiltzaileei “periferiako bideak” hartzeko gomendatu die udalak, eta zinegotziek azaldu dute hiriko hamaika gunetan seinalizatuko dutela Kontxako mozketa, eremu horretara heldu aurretik bide alternatiboak hartu ahal izateko.
Zinegotziek nabarmendu dute lanek irauten duten bederatzi hilabeteetan zehar “bizikleten eta oinezkoen pasabide bermatuta” egongo dela. Horrela ere, aldaketa batzuk izango dituzte txirrindularientzako eta oinezkoentzako bideek: hilaren 28tik aurrera eta hiru hilabetez, esaterako, txirrindulariek bidegorri zaharretik joan beharko dute pasealekuko 17. zenbakitik 40.era doan tartean. 40. zenbakitik Antiguako tunelera, aldiz, oinezkoek eta txirrindulariek espaloian elkarbizi beharko dute.
Hiru hilabete horien ondoren abiatuko dute lanen bigarren fasea, eta pasealekuko baranda aldatuko dute, besteak beste. Lan horiek irauten duten bitartean, bizikletek bidegorri berritik joan beharko dute, eta oinezkoek, aldiz, zaharretik.
Bestalde, Zubieta eta San Martin kaleetako noranzkoak behin betiko aldatuko dituzte proiektuaren bidez, eta inguruko beste kale batzuetan ere zenbait aldaketa egingo dituzte.