"Tristea da hiriarentzat garrantzitsua den proiektu bat zipriztintzeko horrelako bideak erabiltzea"
Donostiako Udaleko LAB sindikatuak Hondalea proiektuaren lanen harira jarritako salaketa artxibatu du Gipuzkoako Fiskaltzak. Udalak atzo egin zuen lehen balorazioa ohar baten bidez: “Behin dokumentazio hori aztertuta, Fiskaltzak baieztatu du izapideak zuzenbidearen araberakoak izan direla eta ‘indarrean dagoen legeriara egokitu’ zirela fase guztietan; beraz, ‘ezin da zigor mota bakar batean ere sartu'”.
Fiskaltzaren ebazpena jakin eta biharamunean, Eneko Goia alkateak bere balorazioa egin du Tokiko Gobernu Batzorde ondorengo prentsaurrekoan. “Tristea da hiriarentzat garrantzitsua den proiektu bat zipriztintzeko horrelako bideak erabiltzea”, nabarmendu du Goiak. Horrekin batera, LABek jarritako salaketa “jarrera politiko baten adierazgarri” dela adierazi du. “Salaketa hau sindikatu batek jarri zuen, baina horren antzekoak egon dira osoko bilkuran”.
Pasa den ekainean, Donostiako Udaleko langileen LABeko sail sindikalak salatu zuen “irregulartasunak” egon zirela Santa Klara irlako Hondalea esku hartze artistikoaren lanen adjudikazioan, eta Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa abiatu zuen uztailean. Orain, ordea, Fiskaltzak salaketa artxibatu du, ez baitu irregulartasunik aurkitu Hondalea-ren lanetan