Bi ertzainek abenduan Urumean izan zuten istripua "giza faktorearen ondoriozkoa" da
Ertzainen autoa erreskatatu zuten unea. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) 2020ko abenduaren 30ean bi ertzain, autoa gidatzen ari zirela, Urumea ibaira erori ziren Egiako tunela igaro ostean; ertzain batek bizia galdu zuen. Txosten perizialeko informazioa publiko egin du gaur El Diario Vasco hedabideak, eta txostenaren arabera, istripua “giza faktorearen ondoriozkoa” izan zen. Txostenaren arabera, 6 eta 8 km/h-ko abiaduran zihoazen ertzainak lur azpiko pasabidean, eta Urumea ibaiko barandaren aurka jo zutenean, berriz, 16 km/h-koan. Txostenak ezeztatu du autoak akats teknikorik eduki izana edota gidariak lo hartu izana.
03:30ean gertatu zen dena. Ertzainak autoa gidatzen ari ziren Egiako tuneletik, eta ez zebilen inor, etxeratze agindua indarrean zegoelako. Aldapa igotzean barandaren aurka jo zuen autoak, eta uretara erori ziren. Ertzainetako bat hil egin zen, eta besteak bizirik ateratzea lortu zuen: shock egoeran zegoela azaldu zuen geroago.
Istripua gertatu eta bederatzi hilabetera egin dute publiko txosten periziala.

