'Zientzia eta Xakea: Konexio Infinituak' topaketa antolatu dute
Urriaren 9tik 11ra Zientzia eta Xakea: Konexio Infinituak topaketa egingo dute, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Eureka! Zientzia Museoak antolatuta, Gros Xake Taldearen laguntzarekin. “Zer lotura dago xakearen, azken belaunaldiko roboten, alzheimerraren eta neutrinoen artean? Zer eginkizun dute emakumeek xakean? Zer irakats diezaguke literaturak edo argazkilaritzak milaka urteko joko honen inguruan? Islada al daiteke zientzia xake-taulako 64 laukietan?”. Gogoeta horiei eta beste hainbati helduko diete.
Hiru eguneko ekitaldiak xakearen, zientziaren, argazkigintzaren, literaturaren, eta hezkuntzaren arloko gonbidatu ezagunak bilduko ditu, diziplina horien arteko lotura harrigarriei buruz gogoeta egiteko. Programazioa osorik helbide honetan topatuko duzue.

