Babestutako etxebizitzen sarbidea errazteko zortzi proposamen egin ditu EH Bilduk

Donostiako Udal Gobernua lantzen ari den baremazio prozesuari ekarpena egin dio Donostiako EH Bilduk, 35 urtetik beherako herritarrei sarbidea erraztuko lieketen zortzi proposamen zehatz eginez. EH Bilduko Ricardo Burutaranek aurkeztu ditu zortzi proposamenok prentsa aurrean.

Donostia ikuspegia (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

2016ko Euskal Etxebizitza Legeak zozketa sistema aldatzeko irizpide eta baremo berrietara egokitu asmoz, Donostiako Etxegintza alokairuko etxebizitzak eta zuzkidurako bizitokiak baremazioaren bidez esleitzeko prozesuan murgilduta dagoela adierazi du Burutaranek. Koalizioaren arabera, Udal Gobernuak “are gehiago zaildu nahi du gazteei babestutako etxebizitza bat eskuratzea”, 35 urtetik beherako herritarrek “ezin izango dutelako alokairuko etxebizitza babestuen kupo orokorrera sartu, eta zuzenean zuzkidura etxebizitzetarako itxaron zerrendara” joango liratekeelako.

Etxebizitza-eredu honetan bost urte baino ezingo lukete bizi, “luzapenik egiteko eskubiderik gabe”. Koalizioaren ustez, Espainiar Estatuko etxebizitzarik garestiena duen hiri honetan, “arazoa konponbidean jarri beharrean, kontrako norabidea hartu dute EAJ-PSEk”.

Zortzi proposamen
EH Bilduk kaleratutako oharrean, “hiritik alde egin behar izan duten pertsonen itzulera errazteko”, araudia aldatzeko zortzi proposamen egin ditu. Proposamen horietan jasotzen da besteak beste, azken hamabost urteetan, gutxienez urtebetez Donostian bizi izan direnak aintzat hartzea; ekipamenduko etxebizitza nahi dutela adierazten ez den kasuetan, etxebizitza bat nahi dela ulertzea; ardurapean adingabeak dituzten puntua gehiago zehaztea eta “23 urtetik beherako edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonak” kontuan hartzea; baremazioaren berritze prozesu hasiera datak posta elektronikoaren, SMSen edo antzekoen bidez jakinaraztea; eta PFEZren azken kanpainan ez-ohiko diru sarrerarik izan bada, azken hiru urteetan jasotako diru sarrerak kontuan hartzeko eskatzea.

HITZAkide HITZAkide