Aurtengo Euskarabildua jardunaldiak interneten kutsadura izango du hizpide
Urriaren 28an izango da aurtengo Euskarabildua San Telmo museoan, “Zenbat kutsatzen du like batek. Mundu osorako internet jasangarrirantz” izenburupean.
Aurtengo Euskarabilduko jardunaldietan internet eta teknologia digitalek eragiten duten kutsaduraz eta eredu jasangarri posibleez arituko dira. Low Tech teknologiez, komunitate eta internet jasangarriez, Solar Punk filosofiaz eta eredu praktikoez arituko dira, ikuspegi dekolonial eta feministak aintzat hartuz, besteak beste.
Antolatzaileen arabera, larrialdi klimatikoaz hitz egiterako orduan gutxik erreparatzen diote teknologia berriei, “sarean segunduro mugitzen ditugun milioika datuek duten eragin ekologikoa ez dugu ikusi ere egiten. XXI. mendeko teknologiak abiadura ezin azkarragoan ari dira garatzen, gure bizitzako eremu guztiak digitalizatzen ari gara jasangarriak ote diren kontuan hartu gabe”. Duela bi urte “Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da” izenburuarekin, ‘hodeia’ deitzen diogun horren alde fisikoa erakutsi nahi izan zuten.
Hamaikagarren edizioa
Iametzak, ARGIAk eta Ametzagaiña elkarlanean antolatuta, 11.euskarabildua jardunaldiak antolatu dituzte, euskara, teknologia eta komunikazioa uztartzen dituen jardunaldi dibulgatiboa. Azken urteetan teknologia burujabetza zeharkako gai gisa landu da, “gizarte bezala bizi ditugun erronkei erantzun asmoz”.
Urtero nazioarteko erreferenteak eta Euskal Herrikoak uztartzea bilatzen dute, baita “gaian horren ohikoa ez den” parekidetasuna sustatzen. Aurten ondorengo hizlariak izango dira: Kris De Decker Low-tech Magazine aldizkariaren sortzailea, March · Momentánea Ciberfeministas Guatemala, Spideralex-ek ziberfeminista eta teknologia libre eta iraunkorren ekintzailea, TEKS sareko Beñat Irasuegi, Phair Phoneko Iratxe Acha, Reciclaneteko Ivan Gonzalez, Oñatiko alkateordea den Xabier Igartua eta Iametzako Sandra Perez.
Saioa presentziala izango da eta streaming bidez ere zabalduko da. Izen ematea eta gainontzeko informazioa www.euskarabildua.eus helbidean.

