Gaur hasiko da Udalaren Parketarrak egitasmoa, haurrek euskaraz jolas dezaten
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek, “Parketarrak” egitasmoa antolatu dute udazkenerako, haurrek parke eta plazetan euskaraz jolas dezaten. Gaurtik hasita urriaren 18ra bitarte luzatuko da, eta hiriko hamasei auzotara zabalduko da. Lehen saioak irailaren 27an hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Herreran, gainontzeko saioak honako helbidean daude eskuragarri.
Covid-19ari lotuta, segurtasun neurriak hartuko dira, haurren, familien eta hezitzaileen osasuna arriskuan ez jartzeko. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.
Udalak udaberriko saioen balorazio ona egin du
Udalak egindako agerraldian, maiatzean antolatutako saioen balorazio positiboa egin du. 506 haurrek eta 113 gurasoek hartu zuten parte antolatu ziren 85 saioetan. Donostiako auzo gehienetan sortuta dauden Euskara Batzordeek plangintza bat daramate aurrera, euskara sustatu asmoz. Plangintza horien helburuetako bat “euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da” eta horretarako Parketarrak ekimena “oso eraginkorra dela” adierazi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.