Arte Ederren eraikinaren gaiak "eman beharrekoa eman du", Goiaren ustez

Arte_Ederrak Arte Ederren eraikina. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

SADE enpresak baimena du dagoeneko Donostiako Arte Ederren eraikina birgaitzeko, eta han hotel bat egiteko; eraikinaren fatxada mantendu beharko dute, baina barrualdea eraitsi dezakete. Horren aurrean, ondarearen babeserako Ancora elkarteak bere haserrea adierazi du, eta manifestaziora deitu du ostegunerako. Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak zera adierazi du: “Gaiak eman beharrekoa eman du. Urte gehiegi dira inora ez daramagatzan egoera batean bizi garela”.

Prozesua luzea izan dela ere gogorarazi du alkateak: “Nahi adina eztabaida izan ditugu epaitegietan; batzuk jabetzak irabazitakoak, eta beste batzuk udalak irabazitakoak. Eraikinak, ordea, bere horretan jarraitzen du, eta gero eta okerragoa den egoera batean”. Horregatik, erabakia hartzeko une egokia dela deritzo Goiak: “Momentu honetan, jabetzak eraikina birgaitzeko proiektu bat aurkeztu du, eta udalak ezartzen dituen baldintzak betetzen ditu proiektu horrek. Alde horretatik, guri legea betetzea dagokigu, eta proiektuak legearen baldintzak betetzen dituen heinean, proiektuari onarpena ematea dagokigu. Hori ez da erabaki arbitrario bat”.

Era berean, gaineratu du egoera gehiago luzatzea eraikinaren kalterako izan zitekeela: “Gaia iritsi behar zen puntura iritsi da, eta, hemendik aurrera, ez dut uste inori onik egiten dionik proposatzeak irtenbiderik ez duten bideetatik jarraitzea. Edonola ere, egoera hau luzatzeak ekarri zezakeen azkenean eraikina bera desagertzea; eta ez da horrela izango”.

HITZAkide HITZAkide