Donostia, hiriko eraikin altuenetik
Iaz amaitu zituzten Artzain Onaren katedrala zaharberritzeko lanak, eta Donostiako Atari kultura arkitektonikoaren elkarteak katedralaren goikaldera igotzeko bisita gidatuak antolatu ditu, The Top Of… egitasmoaren barruan. 2013an abiatu zuen egitasmo hori, herritarrei hiriko punturik altuenetara igotzeko aukera emateko. Bere garaian, bisitarik arrakastatsuenetako bat izan zen Artzain Onarena, eta oraingoan ere hala izan da, plaza guztiak oso azkar agortu baitziren.
Atariko kide Leticia Garciak eta Ander Gortazarrek eta katedraleko zaharberritze lanak zuzendu dituen Aitor Zubia arkitektoak gidatuta, hamabost bat laguneko taldeak katedraleko atetik sartzen dira bisita bakoitzean, eta meza oztopatu gabe, harrizko eskailera kiribila igotzen hasten dira. Orduan hasten dira lehenengo bertigo aurpegiak, baina kanpi hotsekin sustoren bat edo beste tartean dela, bisitariak laster lasaitzen dira, inguruko bistari eta Zubiaren azalpenei esker.
Solairu bakoitzean geldialdia egiten dute, eta Zubiak zaharberritze lanen inguruko azalpenak ematen dizkie, bisitariek argazkiak eta bideoak grabatzen dituzten bitartean, ia hiri osoa ikusten baita handik. Harrizko eskaileren ondoren, egurrezkoak hasten dira goraino heldu arte, horiek ere eskailera kiribilak; guztira, 245 eskailera igo behar dira goraino iristeko. Bestalde, zaharberritze lanen aurretik katedrala zein egoeratan zegoen ikusteko aukera dago Internet bidez, Idoia Unzurrunzaga argazkilariak lan guztien jarraipena egin baitzuen.
Jarraian, larunbat goizeko bisita batean hedabide honek osatutako bideoa: