Amara Berriko 'Super Xagu' kulturalak izango dira asteburuan
Super Xagu kulturalak antolatu ditu asteburuan jai batzordeak. Hiriko beste auzo askotan bezala, Amara Berrin ere, jaien ordez egitarau kultural bat antolatu du Jai Batzordeak, ostiral eta larunbaterako antolatuz jarduerak. Orain arteko segurtasun neurriekin aurreikusi dituzte ekitaldiok, ordea, egoera aldatu daiteke astearteko LABIren bilera dela eta, izurriaren kontrako neurri gehienak bertan behera uztea aurreikusten da eta.
Ostiralean hasiko da egitaraua ‘Super Xagu’-ren harrerarekin, Amara Berriko jaiei izena ematen dien pertsonaia, hain zuzen. 18:30ean haurrentzako ikuskizuna egingo da eta jarraian ohikoa den bizikleta poteoa abiatuko da auzo guztian barrena. 21:00etan Atano III.aren parkingean Gora Gu ta Gutarrak DJ-ek alaituko dute gaua.
Larunbatean ‘nortasun arrotzen jaurtiketarekin’ abiatuko dute eguna 12:00etan eta ostean bertso saioa izango da Itxaso Piquer, Alaia Martin, Asier Ibarguren eta Beñat Gaztelumendirekin, eta Danele Sarriugarte gai jartzaile lanetan. Bazkari herrikoia izango da 14:00etan sarrerak Arkupe tabernan erosi dituenarentzat. Arratsaldean bingo musikatua eta elektrotxaranga izango dira auzoan zehar eta iluntzean kontzertuak egongo dira: Physis versus Nomos donostiarrak eta No Name: Tiriti! rumba talde gasteiztarrarekin. Bukatzeko Dj Errepetiziyua izango da.
Jarduera guztiak Atano III.aren parkingean izango dira eguraldia lagun izanez gero, bestela Amara Berri ikastetxearen jolastokira mugituko da guztia.
Hemen No Name: Tiriti!-ren lagin bat:

