Bera Berak sendo jarraitzen du eta liderrarekin berdinduta
Liga hasiera Bera Beraren eta Kanaria Handiaren arteko buruz buruzkoa izaten ari da eskubaloian. Bi taldeek nahi dute lidergoa. Jokaturiko lau partidak irabazi dituzte bi taldeek, baina espainiarrek sei gol gehiago sartu dituztelako dira liderrak. Sailkapenaren buruan biak bakarrik geratu dira. Donostiarrek Valladolid menderatu zuten larunbatean etxean (37-31).
Futbolean, Realak ere lautik lau garaipen daramatza. Bolada onari eusten diote txuri-urdinek. Atzo Vila-reali irabazi zioten, beste gol erakustaldi bati esker (4-0). Amaiur Sarriegik ligako bere hirugarren gola egin zuen. Sarriegi izan zen IRUTXULOKO HITZAren pasa den ostiraleko protagonista. Bestalde, Nerea Eizagirrek bi gol egin zituen eta Mirarik bat. Sailkapeneko bigarren postuan dago Natalia Arroyok gidatzen duen taldea. Gizonezkoen Realak, berriz, Getaferen kontra berdindu zuen atzo (1-1), lidergoa eskura izan arren. Irabazi izan balute sailkapenaren buruan jarriko ziren Real Madril eta Atletiko Madrilen aurretik. Mikel Oiartzabalek egin zuen txuri-urdinen gola, eta Sandro Realeko jokalari ohiak madrildarrena.
Saskibaloian, burua altxa ezinda jarraitzen du Ibaeta Basketek. Bizkaian atzon jokatuko euskal derbia galdu zuten Gernikaren aurka (87-71). Donostiako taldeak irabazi gabe jarraitzen du denboraldi honetan.
Belar hockeyan, Realak bigarren garaipena eskuratu zuen atzo Bartzelonaren aurka. Txuri-urdinek partida bikaina jokatuta irabazi zuten. Izotz hockeyan, berriz, neskek sekulako garaipena lortu zuten Milenio Panthersen kontra, eta mutilek huts egin zuten etxean Majadahondaren aurka.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen lehenengo maila, 4. jardunaldia
- Bera Bera 37 – Valladolid 31
Futbola
Emakumezkoen lehenengo maila, 5. jardunaldia
- Reala 4 – Vila-real 0
Gizonezkoen lehenengo maila, 8. jardunaldia
- Getafe 1 – Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen lehenengo maila, 3. jardunaldia
- Gernika 87 – Ibaeta Basket 71
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Bartzelona 0 – Reala 5
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehenengo maila, 3. jardunaldia
- Txuri Urdin 4 – Majadahonda 5
Emakumezkoen lehenengo maila, 3. jardunaldia
- Milenio Panthers 0 – Txuri Urdin 15