Neurri zaharrekin, baina "gogo berdinekin" datoz Super Xagu Kulturalak
Osasun larrialdi egoera amaitu den arren, neurri zaharrekin ospatuko dituzte Amara Berriko Super Xagu Kulturalak. Gaurko eta biharko adin guztietarako egitaraua prestatu dute.
Ostiralean hasiko dira Amara Berriko Super Xagu Kulturalak, osasun larrialdia amaitu denetik, Donostiako lehen jaiak. Ez dira, ordea, gainontzekoengandik asko desberdinduko. Jai batzordeko kideek adierazi dutenaren arabera, «aurretik zeuden neurri berberak» mantentzera behartu ditu Donostiako Udalak. Baimenak lehenagotik emanda zeudelako, eta «burokrazia lan handiegia» eskatzen zuelako. Eserita izango dira kontzertuak eta DJ-ak, eta edukiera mugak errespetatuko dira. Jai batzordekoen iritziz, «egoera apur bat absurdoa da», eta arrazoi nagusia «pandemia garaian erakunde eta herri mugimenduen arteko distantzia handitu» izana dela iritzi dute. «Paper ugari eskatzen dizkigute, edozein ordutan, eta horretarako egitura formal bat beharrezkoa da. Boluntarioekin dinamika hori izatea oso zaila da». Edozein kasutan, jaiak tira jai kulturalak ospatu egingo dira eta egitarau zabala prestatu dute.
Jaiei izena ematen dien Super Xaguren harrerarekin hasiko dira 18:00etan. Ondoren, haurrentzako ikuskizuna egingo dute eta ohikoa den bizikleta poteoa abiatuko dute auzoan barrena. 21:00etan Gora Gu ta Gutarrak DJ-ek alaituko dute gaua.
Larunbatean bertso saioa 12:30ean hasiko da Itxaso Piquer, Alaia Martin, Asier Ibarguren eta Beñat Gaztelumendirekin, eta Danele Sarriugarterekin gai jartzaile lanetan. Bazkari herrikoia eta bingo musikatuaren ondoren, elektrotxaranga auzoan zehar arituko da eta iluntzean kontzertuak: Physis versus Nomos donostiarrak, No Name: Tiriti! rumba talde gasteiztarra eta DJ Errepetiziyua. Jarduera guztiak Atano III.aren parkingean izango dira eguraldia lagun izanez gero. Bestela, Amara Berri ikastetxearen jolastokira mugituko dute guztia.

