Urumea bizi!
Urumeak, hiriko bizkar hezurrak, zentralitatea galdu zuen atzeko estolderia izatera pasaz. Orain, bere lekua hartzen ari den honetan, harresien politikak, leunduta ere, dirau. Isurketak, basoen erabateko mozketak, obrak... Ibaia sistema bizia da bere osotasunean. Urumea bizi bat nahi dugu.
1990eko hamarkadaren hasieran jaio ginen, besteak beste, Donostiako Udala Loiolako Erriberan egitekoa zen betelan eta kanalizazio bortitzaren aurka. Lanokin hiriak agur esan zien azken padurei. Gero, Loiolako hormatzarra etorriko zen, udalarekin berarekin landatutako eremuan. Txominen eta Martutenen ibai parkearekin amestu genuen, baina aurretik gogor salatu dugunez, etxegileen itxurakeria etorri zitzaigun, udala morroi gisa agertuz. Sinisten ez duten partaidetza ahaztu zitzaien edo, hamarkadak lantzen eta sustatzen ibilitako urtetako gizarte mugimendu eta elkarte anitzen harridura eta haserrerako. Harro agertu dira, ordea, auzune berriarekin, ezin grisago utzi dutena eta alboan sasi lorategi parkea duena. Ibai ertz naturala ere errespetatzeko ez dira gauza izan, etengabe porlanarekin etenda.
Horma artean zegoen errioa eta, esan bezala, hormak etorri ziren Loiolako Erriberara eta Loiolara. Lorategi Hiriaren parean eginiko harrietak itxaropenerako leihoa zabaldu zuen. Martutenek errealitatera itzuli gintuen. Martutene eta 27 Industrialdearen arteko zatiaren ubideraketa leuna izango zela uste genuen, baina proiektuak zein egoskorrak diren erakutsi digu beste behin. Ibaiak ezer gutxi du axola, oinarria izanik. Ubidea zabaldu dute hemen ere, eta horma bertikalak ageri dira. Eginiko harri eta pusketak ez dira etzanak, metroa garesti dago eta. Berdez margotuko dute, baina uholdeak aitzaki, espekulazioak beste behin negu gorria uda bilakatuko du; bakar batzuentzat, jakina.
Loiolako kuartelak
Agortuta dagoen eta berritu beharreko Plan Orokorraren onarpenerako prozesuan parte hartu genuen eta aurkeztu genituen arrazoibideetan Loiolako kuartelak eraitsi eta Urumeari bidea ematea proposatzen genuen, padurak sortuz eta berreskuratuz. Bileretan txantxetan ari ginela uste zuten eta erokeriatzat hartu zuten. Natura suntsitzea, arifizializatzea eta porlanez betetzea garapena dela diote. Kontrakoa, aldiz, adarra jotzea edo burugabekeria.
Loiolako kuartelak ez dira padurak izango, nahiz eta biodibertsitatetik harago, uholde edo sekulako olatuen aurrean defentsa baliogarria suertatu litezkeen. Etxebizitzak behar dira, bai, baina norentzat izango dira? Eta etxeak egingo dituzte, ziur, baina gainontzeko gizarte azpiegiturak? Zenbat lagun gehiago Loiola-Txomin-kuartelak hirukian? Lehenengo biak trafikoak itotzeko arriskua hor dago, eta horren aurrean, errepide eta bide berriak etorriko dira. Aipatu da honezkero Intxaurrondorekiko lotura, eta zalantzarik gabe, berdeguneen kaltetan izango da. Dagoeneko bakar batzuek zenbakiak eginak izango dituzte, eta beste behin, eraikitakoaren aitzakian, ingurune naturalari, oraingoan Ametzagaina eta Urumea ibaiari, beste zartako bat emango diotelakoan gaude.
Haritzalde jaio zenean eztabaidan zegoen oraindik ofizialki izendatu gabe zegoen Lau Haizeta parkea. Lehen proposamenetan Kristinaenearaino iristen zen eta Urumearen zati handi bat hartzen zuen halaber. Poliki-poliki, tranpa itsusiak tarteko, Garberakoa kasu, pusketak kendu zizkioten han eta hemen, eta Kristinaenea ere erori zen. Herri arteko lotura berdea zen Lau Haizeta Parkea izendatu zen halere, nahiz eta gero Errenteria San Marko eta Txoriokietarekin ez bezala, Donostiak eta Astigarragak ezer gutxi aktiboa egin berdegunearen alde. Gure hiriak, esan bezala, Garberarik gabeko Ametzagaina parkea sustatu zuen, baina mendebalderantz mugak ezarri dizkio eta balizko errepidea dela eta, Polloe azpiko Urumearen aldeko magala eta Kristinaenearekiko lotura berdea kolokan gera liteke. Kuarteletako auzune berrian hezeguneentzat tarterik egongo al da? Eta ibaiarentzat? Nolako ibaiertza izango dugu? Harresi bertikala? Ezetz pentsatu nahi genuke.
Urumea koloretan
Garai batean koloretan jaisten zen ibaia eta apar festa ez zen arraroa, itsasbeheran zerion kiratsa kilometroetara ezaguna zelarik. Isurketak iraganeko pasarteak direla uste baduzu, ordea, oker zabiltza. Normalean txikiak eta isolatuak badira ere, ez dira desagertu. Aurten soilik Donostian hamar bat izan dira, egun argitan gainera, horietako batzuk fuel olio edo antzeko produktu batenak izanik. Salatu ditugu, baina erakunde publikoek serioago hartzen ez duten bitartean eta justiziak fermu bezain gogor zigortzen ez dituen bitartean, nekez desagertuko dira. Kontzientziazioa, sentsibilizazioa eta heziketa beharrezkoak dira, baina legeak nork betearaziko ere bai.
Ibaiak kolore berdexka du berezkoa zeharka begiratuta, baina goitik behera gardena behar luke. Ibaia ez da marroia gehiegitan ikusten den moduan. Puntualki beharbada, ez euria egiten duen bakoitzean orain gertatzen den legez. Ibaia bere arro osoa da, iturburuetatik eta mendi magaletatik ibai ertzetaraino. Mendian egiten denak uretan du isla, alboetan gertatzen dena ez zaio ibaiari arrotza, eta askotan eragiten dio guk uste baino gehiago. Ikusi ohi dugun Urumea marroiak baso ustiaketa industrial eta intentsiboak eragiten duen lur galera salatzen du, eta ertzetako obra amaigabeak salatzen ditu, baina, batez ere, gu agerian uzten gaitu.