Kalapiek, Odon Elorzak eta Alfonso Sanzek jasoko dute Mugikortasun Jasangarriaren saria
Garraiobide Osasungarrien Elkarteak ia urtero ematen ditu Mugikortasun Jasangarriaren sariak, eta Donostiako bidegorriak izan dituzte hizpide aurten. Hain zuzen, Kalapie Txirrindularien Elkarteari, Odon Elorza alkate ohiari eta eta hiriko oinezkoentzako eta txirrindularientzako azpiegituren diseinuan lan egin duen GEA21 aholkularitza enpresako Alfonso Sanzi emango diote aurtengo saria. Iruñean egingo dute sari banaketaren ekitaldia (Plazara zentroaren egoitzan, Kale Nagusiko 31. zenbakian), hilaren 22an, 19:00etan.
“Kalapie elkarteak 32 urte daramatza bere hiria bizikletaren alde eraldatzeko lanean”, nabarmendu dute Garraiobide Osasungarrien Elkartekoek, eta Kontxako bidegorria lortzeko hamar urtez borrokatu zutela gogorarazi dute. “Gainera, CO2 neurketak egiten dituzten bi profesional dituzte, ondoren emaitzak hedabideetan argitaratzeko”, gehitu dute. Elorzari dagokionez, nabarmendu dute 2000. urtean berak hartu zuela “hiria bizikletentzat eraldatzeko erabakia”. Ildo horretatik, Kontxako bidegorriaren beraren proiektua eta Morlansko tunelarena aipatu dituzte. Sanzen kasuan, Donostian oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioak sortzeko proiektuen diseinuan lan egin duelako sarituko dute.