Ospatzeko ezer ez dagoela aldarrikatu du Ernaik
Ernai gazte antolakundea Hispanitatearen egunari aurre egiteko mobilizatu da eguerdian Donostian, eta aldarrikatu du gaurko egunean ez dagoela “ezer ospatzeko”. “529 urte dira Espainiako Inperioak Hego Ameriketako etnizidioa abiatu zuela. Eta 529 urteren ostean hala ospatzen jarraitzen dute. Ukazioa eta inposizioa harrotasunez bizi duen estatua da Espainia”, salatu dute Antiguako Gaskonia plazatik abiatu den manifestazioan. Era berean, gaineratu dute gaurko “harrotasunaren atzean lurraldetasun krisi sakona ezkutatu nahi duen estatu ukatzailearen jaieguna” dagoela. “Demokraziaz mozorraturiko erregimenean oraindik ere debekatua baitugu, Euskal Herriak eta estatuko gainontzeko nazioek, geure izatea eta izaera erabakitzea”, nabarmendu dute.
Gazte independentistentzat “78ko erregimenaren arrakalak biderkatzeko eguna” da gaurkoa, diotenez: “Gure herriaren biziraupenaren izenean ezinbestekoa zaigu gazte independentistoi 78ko erregimenaren ametsik gaiztoena izaten jarraitzea. Egun argitan gure herria militarki okupatzen dutenak direlako gauez eraso faxistak egiten dituztenak. Frankismoaren erreforma transakziorako baliatu zuen oligarkia bera baita gaur egun langileon bizitzekin jolasten dabilena. Horren ondorio da, esaterako, azken hilabeteotan oligopolio elektriko espainiarrak argindarraren prezioaren espekulazioarekin eragindakoa. Auzitegiek funtseko papera betetzen jarraitzen dute erregimenaren oinarriak eror ez daitezen. Izan ere, ‘justizia espainiarra’ izan da usteldua dagoen monarkiari inpunitatea osoa eman diona, eta, aldi berean, inperialismo linguistikoaren izenean euskararen kontrako etengabeko erasoak zuzendu dituena”.
Horregatik, gazteak 78ko erregimenaren aurka antolatzera eta mobilizatzera deitu dituzte: “Gure egitekoa da euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea egitea. Urriaren 12an bezala, egunerokoan, herrietan eta auzoetan, gazte independentistak artikulatu eta etorkizun justu bat eskainiko digun herri askea eraikitzen hasteko unea da. Jarrai dezagun bizitzak erdigunean jartzen dituen independentismoa eraikitzen, egunez egun langile sektoreon beharretara dagoen herria eraikitzen. Gazte borrokaz eta antolakuntzaz, duintasunak independentziaren forma hartuko baitu”.