Añorgan zementu hauts isurketa esanguratsua gertatu da

Astearte gauean zementu hauts isurketa handi bat gertatu zen Añorgan, eta auzoko ibilgailuak eta baratzak nabarmen estali zein zikindu zituen. Baratzetako erabiltzaile bat hedabide honekin jarri da harremanetan gertaturikoa adierazteko. Ez omen da gertatzen den lehen aldia, eta isurketa horiek Gorga ibaia bera zikintzen dutela salatu du.
Añorga Txikitarrak Auzo Elkartea ere kezkatuta dago gertaturikoarekin. “Gertatu den hauts emaria ikaragarria izan da, eta erakunde publikoei jakinaraziko diegu neurriak har ditzaten”, esan dute. Horrekin batera, auzo elkarteak dio Rezola fabrikarekin harreman zuzena dutela afekzioen berri emateko. Afekzio horiek ondorengoak dira: ibaiko isuriak, etxebizitzetako dardarak eztandengatik, hauts isurketak eta gehiegizko kea. “Komunikazio ona dugu fabrikarekin, baina ez ditu afekzioak saihesten. Gure ustez neurri askoz zorrotzagoak hartu beharko lituzkete mota guztietako eraginak gutxitzeko”, nabarmendu du auzo elkarteak.