Altzako kiroldegiko lanak garestitu eta asko atzeratu direla dio EH Bilduk
Udal taldeak salatu du obraren gainkostua 3,5 milioi eurokoa dela, eta lanek pilatu duten atzerapenarekin 2022ko martxoa bukaera bitarte kiroldegia ez dela erabilgarri egongo.
Bi urte eta lau hilabete beteko dira laster Altzako kiroldegi berria eraikitzen hasi zirenetik. Hasiera batean, Donostiako Udalak iragarri zuen lanek urte eta erdi iraungo zutela. Lehen harria jarri zutenetik, obra gertutik jarraitu du EH Bilduren udal taldeak, eta iraila bukaeran agerraldia egin zuten Altzako kiroldegiaren gainkostua eta atzerapena salatzeko. Hain zuzen ere, eraikuntza lanen gainkostua 3,5 milioi eurokoa –%28 gehiago– dela nabarmendu dute. Lan horiek 16.287.120,94 euroan lizitatu zituen udalak, eta kontratua Acciona-Altuna y Uria enpresa elkarteari adjudikatu zion. Dena dela, «hiru kolpetan egindako aldaketekin» ,kostua 15.918.070,70 eurora iritsi dela adierazi du EH Bilduk, eta ia berdindu egin dela lehiaketako hasierako prezioa.
Hedabide hau Donostiako Udaleko Obra eta Proiektuetako sailarekin jarri da harremanetan kiroldegiko lanen gainkostuaren eta atzerapenaren arrazoiak ezagutzeko. Ordea, ez dute horren inguruko informaziorik helarazi.
EH Bilduk iraileko osoko bilkurara eraman zuen Altzako kiroldegiaren inguruko bilera publiko bat eskatzeko. Udal gobernuak eskaera baztertu zuen. «Maiatzean galdetu eta eskatu genuen jendaurreko bilera publiko bat egitea. Orduan esan ziguten aztertzen ari zirela, edo aztertuko zutela egiteko aukera. Geroztik beste bi aldiz galdetu dugu, eta azkena udalbatzarrean izan zen. Erantzuna berriz berdina izan zen. Hau da, aztertzen ari direla, eta beharrezkoa izanez gero egingo dutela. Hori izan zen Duñike Agirrezabalaga zinegotziaren erantzuna», azaldu du EH Bilduko zinegotzi Zigor Etxeburuak.
Altzako auzotarrek maiz eskatu dute kiroldegiaren inguruko informazioa. «Altza osasuntsuagoaren aldeko herritarren plataformako kidea izan nintzen, eta orduan hasi ginen mugitzen udalak ez zuelako informaziorik ematen kiroldegiarekin gertatzen ari zenaren inguruan», dio Etxeburuak.
Kiroldegiaren lursailean amiantoa aurkitu zutenetik, proiektuaren jarraipen zorrotza egin zuen plataformak. «Informazioa tiraka atera behar izan genuen. Batzar publiko batera deitu behar izan genuen alkatea, eta etorri zen. 200 lagunen aurrean hitz egin zuen. Geroztik, dinamika bat hartu zuten tarteka plataformarekin biltzeko, eta behin batzar ireki bat egin zuten auzoan. Baina agintaldi honetan gauzak okerrera joan dira. Plataformaren lana apaldu egin zen, pandemiaren hasieran erabat gelditzeraino . Iazko otsailean azken bilera egin genuen. Udalak hori aprobetxatu du, eta auzoan ez du kiroldegiaren inguruko azalpenik eman 2020ko otsailetik».
Atzerapenak eta azalpenak
Altzako kiroldegi berriaren lanak bukatzeko epea luzatu duen bakoitzean, udalak «prentsaren bidez» eman ditu azalpenak, Etxeburuaren arabera: «Galdetu dugun bakoitzean bi egunkaritan irakurri behar izan ditugu lanen atzerapenaren arrazoiak. Udalak maiatzean esan zuen lanak atzeratzen eta garestitzen ari zirela kiroldegi onena egin nahi zutelako. Hori gezurra da, atzerapenak hasieratik gertatu direlako. Hiru hilabeteko luzapenak onartu ditu udalak, eta horiekin batera kostua handitu du».
Altzako kiroldegi berria egiten ari den enpresa elkartea jo puntuan jarri du Etxeburuak: «Garestitzea gertatu da udal gobernuak onartu dituelako proiektugileek egindako aldaketa proposamenak. Horietako aldaketa batzuk garestiak eta esanguratsuak izan dira. Hala nola, estalkiaren egitura merkatuan erostea, orubean bertan egin beharrean; hormei akabera estetiko ezberdin bat ematea; edo hasiera batean kontratatutakoei hornidura berriak gehitzea». Azpiegitura publikoak eraikitzeko lanetan aldaketak egon ohi direla aitortu du Etxeburuak, baina «harrigarria» iruditzen zaio kiroldegia eraikitzen ari diren enpresek «ia osorik berreskuratu izana adjudikazioko lehiaketan beraiek eskainitako beherapena». Horregatik, Etxeburuari «ulergarria» iruditzen zaio herritarren artean afera honek «susmoak eta kezkak piztea».
Altzako kiroldegi berria 2022ko martxoa bukaerarako irekita egotea aurreikusten du EH Bilduk, baldin eta udalak ez badu lanak bukatzeko epea berriz ere luzatzen.