Etxe handiago bat aldarri, Emakume Etxearentzat
Elkarretaratzea egin du Donostiako Emakumeen Etxeak larunbat goizean bulebarrean, udalari “etxe handiago bat” eskatzeko.
Emakumeen Etxeak salatu duenez, espazioa ireki zenetik, behin-behinekotasun egoeran eta espazio faltan izan dira. “Espazio honek ez ditu betetzen, bertan aurrera eramaten diren jarduerak eta arretak egiteko beharrezkoak diren baldintzak”. Aireztapen arazo “larriak” dituztela salatu dute ere.
“11 urte daramatzagu espazio egoki bat eskatzen, eta Udalak beste erakunde batzuei lurrak eta ekipamenduak ematen dizkien bitartean, donostiarroi funtsezkoa dugun ekipamendua ukatzen digu”. Elkartearen ustez irtenbidea gune zentriko bat izan behar da, “beharren araberako tamainarekin eta baliabideekin egokitutakoa”.
2021eko urtarriletik ekainera, Emakumeen Etxeak 6.091 bisita izan zituen, hau da, hilean 1.015 bisita eta batez beste 56 egunean. 1.626 bazkide daude, goranzko joerari eutsiz (1.544 bazkide aurreko ekitaldian).
Emakumeen Etxeari espazio berri bat emateko beharra aspalditik dagoen gaietako bat da. Aurten, jarduera batzuek ordezko kokalekuak bilatu behar izan dituzte, pandemiak eragindako urruntze-baldintzengatik. Eztabaida zabalik dago oraindik.