Ireki dute GureHaizeak ileapaindegi komunitarioa, inor ez dadin ilegala izan
Ostiralean ireki ditu ateak Groseko GureHaizeak ileapaindegi komunitarioak, eta astelehenetik aurrera irekita egongo da egunero. Borroka antiarrazistan ezagutu diren hainbat kidek jarri dute martxan proiektua, migranteentzat lan baldintza duinak lortzeko helburuarekin. Hiriko eragile eta norbanakoekin sarea egiten ari dira, eta atzo jendetza batu da iluntzean “inaugurazio festa eta salseora”. Ekimenaren sustatzaileek eskerrak eman dizkiete bertaratutakoei eta pertsona migranteentzat lan baldintza duinak lortzeko borrokan ale bat jarri nahi dutela adierazi dute.
Finean, papergabeei erraztasunak eman nahi dizkiete proiektu honen bidez: “Sistema honetan herritar izateko lan kontratua behar duzu, baina kasu askotan egoera honetako pertsona askok ez dute lan kontraturik izaten”. Hala, behar eta nahi duen orori bertan lan egiteko aukera emango diote. Beste proiektuekin alderatuz, erantzun zuzena ematen dio arazoari. “Auzo honetan jende asko dago, bertan aske eta lasai bizi ezin duena. Guk espazio hau segurua izatea nahi dugu”. Erantzun horrek mugak izango dituela badakite, baina haiek baliabideak eskaintzen saiatuko dira. Hala ere, paternalismo eta hierarkiarik gabeko proiektua izatea nahi dute.
Urte hauetan, magrebtar gazte asko ezagutu dituzte eta ongi ezagutu dute haien egoera. “Kultura horretan, ileapaindegiak sozializatzeko espazio bat dira; auzoan gertatzen ari denaz hitz egiteko, esaterako”. Horregatik hautatu dute ileapaindegiaren eredua proiektua aurrera eramateko. Hala, ileapaindegiak aukera ematen du proiektu ireki bat sortzeko, elkarrizketak sortzeko eta kultura desberdinetako pertsonek elkar ezagutzeko. Beste era batera esanda, komunitatea indartzeko espazioa izan liteke.
Proiektua lagundu nahi dutenentzat, GureHaizeaken marka duten kamiseta dotoreak jarri dituzte salgai ere.