Liherrek disko berria kaleratuko du azaroaren 4ean: 'Eta hutsa zen helmuga'
Prentsaurrekorik egin nahi ez zutela eta, Liher donostiarrek kontzertu berezi bat eskaini dute euren laugarren lan luzea aurkezteko. Intxaurrondoko Kultur Etxean izan da kontzertua eta azken laneko kantu guztiak jo dituzte, kolaborazio eta guzti. Eta hutsa zen helmuga izango da lan berriaren izenburua eta azaroaren 4ean egongo da entzungai. Urriaren 20ean lehen singlea kaleratuko dute. Diskoa Garate estudioan grabatu dute Kaki Arkarazo soinu teknikariarekin.
Noa Egiguren (Noa & The Hell Drinkers), Lidia Insausti (Arima Soul), Alain Martinez (Qverno) eta Miren Narbaiza (MICE)-k parte hartu dute diskoan eta ez dute Intxaurrondoko emanaldia galdu nahi izan.
Hemen herensugeak daude (2020) lanaren ostean etorri zen pandemia, eta taldearen helburu eta asmoak bertan behera geratzeak sortu zien “shock emozionala” baztertzen saiatu diren arren, sormenak horra eraman du taldea. “Ikaspen baikorrak” ateratzen saiatu dira hala ere, eta taldearen gaineko gogoeta zintzoez eta artearen egitekoez mintzatu dira. Oteizaren hutsaren bueltan ere, ba omen dago oraindik tiratzerik.