Bera Berak Europan lehiatzeko maila erakutsi du
Europa Ligako Q2 kanporaketa maila onean hasi zuen atzo Bera Bera eskubaloi taldeak. Joaneko partidan, Frantziako Paris 92 talde indartsuaren kontra irabaztear izan ziren Gasca kiroldegian. Azkenean, ordea, berdinketaren konformatu behar izan zuten (27 eta 27). Itzulerako neurketa datorren igandean jokatuko dute Frantziako Issy les Moulineux herrian (16:00).
Futbolean, Realak garaipen batekin ospatu zuen larunbatean Anoetan antolaturiko Koparen festa. Mallorcari luzapen denboran irabazi zioten Julen Lobete gaztearen gol bati esker. Bigarren zati osoa bat gutxiagorekin aritu ziren txuri-urdinak, epaileak Aihen Muñoz kanporatu ostean. Garaipen horri esker ligako liderrak dira 20 punturekin. Neurketa aurretik eta ondoren, Sevillan irabazitako Kopa altxa eta zaleei eskaini zieten. 30.000 baino gehiago elkartu ziren Anoeta futbol estadioan. Nesken Realak, berriz, atzo ez zuen zazpigarren garaipena jarraian eskuratu. Natalia Arroyok gidaturiko taldeak ere bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen partidaren zati gehiena, eta azken unean, merezi gabe, Levantek gola egin zuen. Atzoko porrotak ez du txuri-urdinen denboraldi hasiera bikaina ilunduko.
Belar hockeyan, Realak burua altxa ezinda jarraitzen du. Oraingoan, Junior taldearen aurka galdu zuten etxean (1 eta 3). Izotz hockeyan, aldiz, Txuri Urdinen bi taldeek irabazi egin zuten. Mutilek Huarte gainditu zuten etxean (9 eta 1), eta neskek Puigcerda menperatu zuten kataluniarren pistan (2 eta 4).
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ezin izan zuen bigarren garaipena jarraian eskuratu. Zaragozaren kontrakoan Donostiako taldeak ezin izan zuen bere maila onena eman (76 eta 69).
EMAITZAK
Eskubaloia
Europa Ligako Q2 kanporaketa (joanekoa)
- Bera Bera 27 – Paris 92 taldea 27
Futbola
Gizonezkoen lehenengo maila, 9. jardunaldia
- Reala 1 – Mallorca 0
Emakumezkoen lehenengo maila, 7. jardunaldia
- Reala 0 – Levante 1
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 6. jardunaldia
- Reala 1 – Junior 3
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehenengo maila, 5. jardunaldia
- Txuri Urdin 9 – Huarte 1
Emakumezkoan lehenengo maila, 4. jardunaldia
- Puigcerda 2 – Txuri Urdin 4
Saskibaloia
Emakumezkoen lehenengo maila, 5. jardunaldia
- Zaragoza 76 – Ibaeta Basket 69