Zubietako erraustegiaren kutsadura aztertzeko lagin bilketa egin dute asteburuan
Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) 2019an jarri zuen abian Zubietako Erraustegiak sortutako kutsadurak neurtzeko kontrol herritara. Asteburuan EAMeko boluntarioek 2021eko lagin bilketa egin dute, horien azterketa egingo duen ToxicoWatch fundazio holandarrarekin elkarlanean. Erakunde honek aztertuko ditu erraustegi inguruko goroldio, ur, lur, zuhaitzen hostoak eta beste.
Asteburukoa hirugarren lagin bilketa izan da, ToxicoWatch fundazioarekin elkarlanean antolatutako biomonitorizazio kanpaina herritarraren barruan. Lehenbizikoa 2019ko udazkenean egin zen, Zubietako erraustegia martxan jarri aurretik, Zubieta eta inguruetan ordurako egon zitekeen kutsadura maila finkatzeko. Garai hartan hartutako laginetan aurkitutako kutsadura maila biltzen duen dokumentua Errausketaren Aurkako Mugimenduak bere garaian egin zuen publiko eta Internetez ikus daiteke “DEKKI Donostiako Erraustegiaren Kutsaduren Kontrol Independentea” webgunean.
Erraustegiaren kontrol herritarra Zubieta Lantzen elkarteak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sustatutako ekimena da, herritarren crowdfunding bidez eta zenbait erakunderen laguntzaz ordaindua. Zubieta Lantzenek eta EAMek ToxicoWatch (TW) fundazio holandarrari eskatu zioten Zubietako erraustegiaren biomonitorizazio ikerketa egitea, “herritarrak ezin direlako fidatu ez Erraustegia kudeatzen duten enpresen eta ez Gipuzkoako agintarien kontroletan; enpresak eta agintariak denak saltsa berean nahastuta baitaude, geroztik Arkaitzerrekan zientoka arrain hil zituen kutsaketaren kontrolik eza lotsagarriak erakutsi zuen moduan”.
Bestalde, landare, lur, ur eta sedimentuei dagokienez, laginak hartu dira Zubietako erraustegiaren 2 kilometroko inguru batean, analizatzeko dioxinak, dioxinak bezalako PCBak, aktibitate estrogenikoa eta metal astunak.
Zubieta Lantzen elkarteak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak Zubietako erraustegiaren kutsaduraren kontrol herritarra ToxicoWatch fundazioarekin elkarlanean egiten dute. Argazkian, Abel Arkenbout toxikologoa eta Kirsten Bouman biologoa arrautza laginak biltzen Zubieta inguruan 2019an.