Lanuzteak berriz, Cementos Rezolako langileen "lanpostuen defentsan"
Lanuzteak berrartu dituzte Cementos Rezolako langileek. Joan den ikasturtean hasi zuten borrokaldia, eta gaur berrartu dituzte lanuzteak 07:00etatik 11:00etara Añorgako lantokian. Larunbatean berriro egingo dute lanuztea, eta datorren asterako beste bi aurreikusi dituzte. Langile komiteak deitu ditu lanuzteak eta LAB sindikatuak du gehiengoa.
Donostialdeko LABeko industria arduraduna den Asier Calderonek esandakoaren arabera, bi urte daramate enpresarekin negoziatzen. Enpresak hainbat lanpostu suntsitu nahi ditu, egiten ari den moldaketen baitan. Langile komitearen ustez hori “marra gorri bat da” eta ez dira gainontzeko moldaketak eztabaidatzen hasiko hori argitu arte.
Hasiera batean, enpresak ez zuen lanpostuez hitz egin nahi ere, “lehen lanuzteak egiten hasi ginenean, moldaketak egiten hasi ziren”. Horregatik, Calderonek “positiboki” baloratzen ditu mobilizazioak, eta prest agertu dira, enpresak inolako erantzunik ematen ez badu, mobilizazio gehiago egiteko.