Elkar ezagutzeko eguna izango da
Amara Berriko Eguna ospatuko dute bihar, hilaren 23an, Armeria plazan. Goiz osoan zehar adin guztietarako hainbat jarduera antolatu dituzte. Auzoko hemeretzi elkartek parte hartuko dute.
Auzotarrei direna eta egiten duten lana erakusteko gogotsu daude Amara Berriko elkarte eta gizarte eragileak. Horretarako antolatu dute lehendabiziko Amara Berriko Eguna, eta bihar elkartuko dira Armeria plazan. Topaketa bat egitea da helburua, eragileek egiten dutena auzotarrei ezagutzera emateko, baita euren artean elkar ezagutzeko eta informazioa trukatzeko ere. Gainera, goiz osoan zehar, 10:00etatik 14:00etara, adin guztientzako kultur jarduerak prestatu dituzte. Txistularien, euskal dantzen, bertsolarien edo antzerkiaren emanaldiez gain, puzgarriak eta jolasak izango dira txikienentzat.
Plazan karpa bat jarriko dute, eta han eragileen bideoak proiektatuko dituzte. Leku berean, Jon Agirre arkitekto eta Paisaje Transversal taldeko kideak auzoko gune publikoa aktibatzeko eta hobetzeko plana (EPAH) aurkeztuko du, 10:30etik aurrera. Ondoren, auzotarrek aukera izango dute Amara Berriko eragileen postuetara hurbildu eta beraien berri izateko.
Nerea Albisu Chernobil elkarteko kidea da, eta biharkoa «egun oso garrantzitsua» dela uste du: «Txernobyl eremu kaltetuko haurrak hartzen ditugu Amara Berrin, eta auzotarrei egiten dugun lana erakutsi nahi diegu. Gainera, harrera familiak behar ditugu, eta hori lortzeko egun aproposa izan daiteke». Urrats euskaltegiko Pedro Lakuntza irakaslearen ustez, Amara Berriko Eguna «elkarren berri izateko eta elkar laguntzeko tresna» izango da: «150 elkarte inguru daude Amara Berrin, eta gehienak ez ditugu ezagutzen. Egun seinalatua da horretarako».
Miguel Angel Elkoroberezibar Easo politeknikoko kudeatzaileak ere «elkartrukerako» eguna izango dela pentsatzen du: «Auzoaren zerbitzura gaude, eta euren aurrean aurkeztuko gara eta esan gure ateak irekita dituztela. Pandemiak harreman asko izoztu zituen, eta egun honekin irekiko ditugu».