Basurde batzuk ibili dira asteburuan Heriz pasealekuan
Sareetan zabaltzen ari diren bideo batzuetan ikusten denez, asteburuan bi basurde agertu ziren Donostiako Heriz pasealekuan gauez. Inguruko bizilagun batek, harrituta, animaliak grabatu zituen, baita Udaltzaingora deitu ere, arriskutsua baita animalia basatiak hiriguneetan ibiltzea. Bizilagun horren arabera, deitu eta 25 minutura joan ziren udaltzainak, eta basurdeak zakur batekin beldurtu ziren
Aipatu bideoak larunbat gauekoak dira, eta, udaleko iturrien arabera, ez da halako zerbait gertatzen den lehenengo aldia: “Azken asteotan hainbat dei jaso dituzte Udaltzaingoan, basurdeak Aiete aldean ikusi dituztelako”. Era berean, azaldu dute basurdeak zein zonatan dabiltzan dokumentatzen ari direla udaltzainak: “Haien bila egon dira, baina ez akatzeko, baizik eta dokumentatzeko nondik dabiltzan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Flora eta Fauna sailarekin eta udalaren Ingurumen sailarekin elkarlanean ari dira, eta helburua da hiri barnetik aldentzea”. Bideoak grabatu zituen bizilagunaren arabera, udaltzainek esan zieten aldundiarekin hitz egin zutela eta “ezer ez egiteko agindu zietela”: “Han geundenetako batzui ez zitzaigun ongi iruditu, animaliak izututa zeudelako eta istripuren bat egon zitekeelako. Udaltzainak erreklamazioa jartzera gonbidatu gintuzten”. Azaldu duenez, basurdeak “azkenean txakur batekin beldurtu eta banandu egin ziren”.