Erraustegiaren kontrol herritarraren inguruko hitzaldia eskainiko du Zubieta Lantzen elkarteak
Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) 2019an jarri zuen abian Zubietako Erraustegiak sortutako kutsadurak neurtzeko kontrol herritara. Pasa den astean, EAMeko boluntarioek 2021eko lagin bilketa egin zuten, horien azterketa egingo duen ToxicoWatch fundazio holandarrarekin elkarlanean. Erakunde honek aztertuko ditu erraustegi inguruko goroldio, ur, lur, zuhaitzen hostoak eta beste. Gaur, 19:00etan “Zubietako erraustegiaren kontrol herritarra: zertan ari gara?” hitzaldia eskainiko du DonostiaBizirik plataformak San Jeronimo kaleko kriptan. Zubieta Lantzen elkarteko kide den Maider Usabiaga izango da hizlaria.
Erraustegiaren kontrol herritarra Zubieta Lantzen elkarteak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sustatutako ekimena da, herritarren crowdfunding bidez eta zenbait erakunderen laguntzaz ordaindua. Zubieta Lantzenek eta EAMek ToxicoWatch (TW) fundazio holandarrari eskatu zioten Zubietako erraustegiaren biomonitorizazio ikerketa egitea, “herritarrak ezin direlako fidatu ez Erraustegia kudeatzen duten enpresen eta ez Gipuzkoako agintarien kontroletan; enpresak eta agintariak denak saltsa berean nahastuta baitaude, geroztik Arkaitzerrekan zientoka arrain hil zituen kutsaketaren kontrolik eza lotsagarriak erakutsi zuen moduan”.