Udal gobernuak 2022an inbertsioak egiteko 10 milioi euro gehiago bideratuko ditu
Donostiako Udal Gobernuak 2022ko aurrekontu proiektuaren zirriborroa aurkeztu du. Udalak 424.842.665 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du, 2021ean baino %6,21 gehiago. Inbertsioak egiteko gaitasuna 10 milioi eurotan handituko da aurreko urtearekin alderatuta, eta aurrekontuak Europatik iritsi daitezkeen funtsak aurreikusten ditu, eta horietako hainbat proiektu finantzatzeko luzatu ahal izango diren aurrekontu sailak izango ditu.
Eneko Goia alkatearen ustez, aurrekontuak COVID-19aren osasun larrialdia “atzean uzteko” eta “egoera normalizatura itzultzeko” aurrerapausoak emateko aukera emango du: “Zalantza handiko bi urte bizi izan ditugu, eta denbora horretan osasun larrialdiak utzitako ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei aurre egin behar izan diegu, betiere martxan zeuden hiri proiektuak albo batean utzi gabe. Orain lehengo egoerara itzultzeko bidea ezarriko duen aurrekontu proiektua egin dugu”.
Goiak, Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak eta Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziak aurkeztu dituzte aurrekontu zirriborroaren ildo nagusiak. Bihar onartuko du Tokiko Gobernu Batzordeak, eta ondoren, Ogasun batzordean aurkeztuko dute. Udal gobernuaren aurreikuspenen arabera, aurrekontuaren hasierako onarpena abenduaren 20ko ohiko udalbatzarrean egingo da.
Pasa den urtean udalaren diru sarrerak nabarmen murriztu ziren osasun larrialdiarengatik. Aurten, ordea, udalak Finantzatzeko Foru Funtsatik 20 milioi euro gehiago jasoko ditu. Hain zuzen ere, 154,5 milioi euro. Gainera, udalak berak sortzen dituen diru sarrerak %1 handitu dira, ezarritako neurrizko presio fiskalarengatik. Bestalde, udal erakunde eta sozietate ezberdinek izandako diru sarrerak ere gutxitu dira. Ondorioz, udalak ezohiko 10 milioi euroko ekarpena egin behar izan du, erakunde horiek donostiarrei ematen dizkieten zerbitzuen kalitatea bermatzeko.
Gizarte ekintzako gastuak
Gizarte babeserako eta sustapenerako aurrekontu sailak 750.000 eurotan handitu direla nabarmendu dute, eta guztira 34,6 milioi euro izango ditu udalak. Horiek horrela, Villa Salia egokitzeko 1,1 milioi euroko aurrekontu saila aurreikusita dago. Bertan Hestia etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentroa eta gizarteratze eta familia alorretako beste hainbat zerbitzu egongo dira.
Horrez gain, aurrekontu proiektuak 35,2 milioi euroko hainbat aurrekontu sail ditu hurrengo lau urteetan hiriko hainbat eremutan urbanizazio lanak egiteko. Zehazki, etorkizunean etxebizitza garapenak egingo diren hainbat eremutan, besteak beste: Lorategi Hiria, Loiolako Erriberak, Aldakonea, Infernua eta Illarra.
Hiri proiektuak
Inbertsioei dagokienez, diru sarrera arrunten igoerari esker udalak eta bere erakunde zein sozietateek duten inbertsioak egiteko gaitasuna handitu da. Horrela, udalak 54,4 milioi euro izango ditu hasitako proiektuak garatzen jarraitzeko, eta 2022an proiektu berriak martxan jartzeko.
Era berean, udal gobernuak behar diren tresnak prest utzi ditu Next Generation programatik funtsak iritsiko balira aurrekontuan sartu ahal izateko. Udalak orain arte 40 milioi euro zenbatzen duten hainbat proiektu aurkeztu ditu. Horietako batzuk udalaren ezohiko ekarpena beharko dute, eta beraz, udalak 6,2 milioi euro bideratuko ditu.
Inbertsio nagusienak
- Autobus Elektriko Adimentsua: 140.000 euro (urte anitzeko aurrekontu-saila da. 2025 arte ditu aurrekontu sailak, eta guztira 8,9 milioi euroko inbertsioa egingo da).
- Hobekuntzak haur parketan: 300.000 euro.
- Salamanca pasealekuko baranda berritzea: 800.000 euro.
- Igeldoko kaskotik kanpinga arteko espaloia: 50.000 euro (urte anitzeko aurrekontusaila da. 2023rako 1,5 milioi euroko aurrekontu saila dago).
- Ekialdeko Barrutiko Batzarrak erabakitako proiektuak: 455.400 euro.
- Villa Salia egokitzeko: 1.100.00 euro.
- Marrutxipin GI-20rako lotuneko proiektua egiteko: 489.300 euro (urte anitzeko aurrekontu saila da. 2024 arte ditu aurrekontu-sailak, eta guztira 2,1 milioi euroko inbertsioa egingo da).
- Altzako kiroldegiko kanpoko igerilekuak: 926.200 euro.
- Haizearen Orraziaren birgaitzea: 400.000 euro (urte anitzeko aurrekontu saila da. 2023rako beste 400.000 euroko aurrekontu saila dago).
- Sorleku parkea: 200.000 euro (urte anitzeko aurrekontu saila da. 2023rako beste 200.000 euroko aurrekontu saila dago).
- Amara Berriko Ferrerias proiektua: 100.000 euro.
- Anoetako urbaniazioa: 500.000 euro (urte anitzeko aurrekontu saila da. 2024 arte ditu aurrekontu sailak, eta guztira 2,5 milioi euroko inbertsioa egingo da).
- Marrutxipiko saneamendua hobetzea: 691.000 euro (urte anitzeko aurrekontu saila da. 2024 arte ditu aurrekontu sailak, eta guztira 1,4 milioi euroko inbertsioa egingo da).
- Zolaketa eta asfaltatzea: 1.850.000 euro.