Heriotzari bizia emateko jaialdia egingo dute bigarrenez Donostian
Santu Guztien eguna heltzear da, eta horren bueltan, Heriotzari Bizia Ematen jaialdia antolatu dute Donostian, bigarren urtez jarraian. “Gaur egun badakigu heriotzaren eta hiltzeko prozesuaren aurrean isiltzen bagara, gehiago sufrituko dugula. Eta hori ez zaigu mesedegarri. Elkarren laguntza behar dugu, orain are gehiago, egun biomedikuntza lehenesten delako hilzorian dauden pertsonen harreman premien gainetik, aldamenean egon nahi duten senideen beharren gainetik. Jaialdiaren leloarekin, Heriotzak garrantzia duelako, arreta jarri nahi dugu errealitate horretan, norberaren beharrak eta harremanak erdigunean jarrita. Beraz, axola zaigunaz hitz egingo dugu”, azaldu dute antolatzaileek (Donostian, udaleko Gazteria sailak antolatu du jaialdia).
Euskal Herriko hainbat udalerritara iritsiko da jaialdia, eta hainbat jarduera egingo dituzte: Youtubeko Dando Vida a la Muerte kanalean egunero 19:00etan zainketa aringarriei buruz hitz egingo dute zenbait adituk, baita errukiaren eta doluaren gaiak landu ere. Horrez gain, Death Kafeak (aurrez aurrekoak eta Internet bidezkoak), ipuin kontalariak, arte erakusketak, zine foruma, Hil aurretik nahi dut… horma, omenaldi musikalak, eta abar. Jaialdia Bilbon itxiko dute, azaroaren 6an egingo duten azokarekin.
Honakoak izango dira Donostiako jarduerak:
Donostiako Dantza eta Musika Eskolako musikariek eta momentu horretan kantua eta musika eskaini nahi diguten pertsonek lagunduko digute.
- Urriaren 28tik azaroaren 1era, 12:00etatik 13:00etara, Polloe hilerriko zenbait tokitan Donostiako Dantza eta Musika Eskolako musikariek eta batu nahi duten herritarrek hilerriko bisitaldiak girotzeko joko dute. Musikak “indar sendagarriak” dituela nabarmendu dute.
- Azaroaren 1etik 7ra, Hil aurretik nahi dut… horma jarriko dute Tabakaleraren ondoan, Nestor Basterretxea plazan. Horma horretan, edozein herritarrek hil aurretik egin nahi dituen gauzak idatzi ahalko ditu.
- Azaroaren 2an eta 3an, Death Kafe saioak egingo dituzte, lehenengo egunean euskaraz eta bigarrenean gaztelaniaz. “Heriotzaren kafeak Jon Underwoodek eta bere ama Sue Barskyk garatu zituzten 2011n Ingalaterran, Bernad Crettazen ideietan oinarrituta. Heriotzaz eta haren prozesuaz askatasunez hitz egiteko topagune lasaia da, agendarik eta aditurik gabea, lagunartean eta kafea eta bizkotxoa dastatuz. Ez da dolu prozesuetan laguntzeko talde bat, baina norbere esperientziak elkarbanatu daitezke. Diru jasotzerik ez da bilatzen, ezta aparteko ondoriorik ateratzea ere”, azaldu dute antolatzaileek. Parte hartzeko, izena eman behar da donostia_lagunkoia@donostia.eus helbide elektronikora idatzita.