Etxebizitza turistikoen udal ordenantza baliogabetu zuen sententzia onartu du udalbatzak

(Argazkia: Inaxio Esnaola) (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Behin betiko bukatu da Donostiako Udal Gobernuak 2018an onarturiko etxebizitza turistikoen udal ordenantzaren ibilbide juridikoa. EAEko Auzitegi Nagusiak udalaren azken helegitea baztertu ondoren, epaia irmoa da. Hau da, ordenantza baliogabea da Plan Orokorrarekin talka egiten duelako. Azken sententzia urriko udalbatzarrera eraman dute, eta udalbatzak aho batez onartu du.

Dena dela, eztabaidarako tartea izan dute osoko bilkuran udal gobernuak eta oposizioko bi udal taldek. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak irakurri du auzitegiaren ebazpena, eta jarraian Elkarrekin Donostiaren eta EH Bilduren kritikak jaso ditu. “Udal gobernuak ordenantza ilegal bat onartu zuen, eta gainera bazekien ilegala zela”, adierazi du Elkarrekin Donostiako bozeramaile Aitzole Aranetak. “Hasieratik esan genuen ordenantza Plan Orokorraren kontrakoa zela. Baina alkateak eta udal gobernua osatzen zuten bi alderdiek etengabe berretsi zuten legala zela. Bakoitzaren posizionamendua argi geratu da”, salatu du Ricardo Burutaranek, EH Bilduko zinegotziak.

Etxe turistikoen ordenantza onartu zenetik udalak “denborarekin jokatu” duela salatu dute bi udal taldeek. “Errekurtsoak jarrita udal gobernuak bazekien denbora judiziala luzatuko zuela, eta horrela denbora emango ziola ordenantzaren arauak Plan Orokorrean sartu eta legalizatzeko”, esan du Aranetak. Iruñeko eta Bilboko Udalek gaiaren inguruan harturiko erabakiak gogoratu ditu Burutaranek: “Bi euskal hiriburu hauetan erabaki zuten etxe turistikorik ez baimentzea lehen solairutik gora. Hori mugatzea erabaki zuten. Donostian, berriz, kontrakoa egin da, eta, gainera, ordenantza horrekin ilegalak ziren lehen solairutik gorako 900 etxebizitza legalizatuko dira”.

Interes pribatua “lehenestea” egotzi diote udal gobernuari, eta hiriak duen “etxebizitza arazoa” areagotzea. “Operazio espekulatibo bat izan da”, nabarmendu du Burutaranek. “Donostiar gehienei kalte egin die ordenantza honek, eta soilik mesedegarria izan da negozio biribila egin duten etxeen jabe batzuentzat”, gaineratu du Aranetak. “Etxebizitzen prezioa garestitu du, eta geroz eta donostiar gehiagok joan behar izan dute hiritik kanpo bizitzera. Adar jotze bat izan da herritarrentzat”, adierazi du Burutaranek.

Ibilbide juridikoa
2018ko martxoaren 1ean, udalbatzak etxebizitza turistikoen araudia malgutzen zuen udal ordenantza bat onartu zuen, besteak beste, lehenengo solairutik gora halako establezimenduak irekitzea ahalbidetzeko. Ordea, 2020ko urtarrilean, ordenantza hori bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta gauza bera egin zuen aurtengo otsailean Espainiako Auzitegi Gorenak, ordenantzak hiriko Plan Orokorrarekin talka egiten zuelako. Apirilean, aldiz, udal gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa bat onartu zuen, lehenengo solairutik gorako etxebizitza turistikoak legezkotzat hartzen jarraitzeko. Azkenik, EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin ditu udalaren azken helegiteak, eta, esan bezala, epaia irmoa da.

HITZAkide HITZAkide