Garberak azaro bukaeran handituko du eskaintza
Merkataritza zentroaren berrikuntza prozesuak aurrera jarraitzen duen bitartean, aisialdi eta ostalaritza eraikin berria inauguratuko dute. Altuera handikoa eta irekia izango da, eta leihatez osaturikoa. Establezimenduen artean marka ezagunak daude.
2018ko irailean hasi zituzten Garbera merkataritza zentroa handitzeko lanak. Intxaurrondo eta Altza bitartean kokaturiko Garbera merkataritza zentroa nabarmen hazi da. 40.000 metro koadroko azalera zuen orain arte, eta handitze prozesua bukatzean 58.000 metro koadrokoa izango da. Hori 2023ko martxoan izango dela aurreikusten du Garbera Merkataritza Zentroa enpresak. Guztira, 130 milioi euroko inbertsioa egin dute.
Handitze eta berrikuntza fasearen mugarrietako bat azaroaren bukaeran ikusi ahal izango da. Izan ere, aisialdi eta merkataritza eraikin berria inauguratuko dute. Arkitektura «berritzailea» izango du eraikinak, altuera handikoa eta irekia. Horrekin batera, leihate handiak izango ditu, «argi naturala» sar dadin. Kanpoaldean haurrentzako parke bat izango du, eta 350 metro koadroko berdegune bat. Barruan, berriz, marka ezagunen establezimenduak topatu ahalko dira. Guztira, hamabost taberna zein jatetxe eta zazpi zinema areto izango ditu eraikin berriak.
Udalaren baimenarekin
Donostiako Udal Gobernuak 2018ko uztailean onartu zuen Garbera handitzeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren moldaketa. Urteetako gorabehera, sententzia, kontrakotasun eta bestelakoen ondoren, udal gobernuak argi berdea eman zion hirigintza proiektuari. Aurreneko lanekin 2018ko irailean hasi ziren. Handitzeko obra, aldiz, 2019ko martxoan abiatu zuten.
Lehen fasea 2020ko ekainean bukatu zuten; lur azpiko bi solairuko aparkalekuaren zati garrantzitsuena. 1.200 leku ditu, eta lanek iraun bitartean erabilgarri daude. Dena dela, obra bukatzean, lur azpiko aparkalekuak 2.200 plaza izango ditu. Lur gainekoak aintzat hartuta, Garberak, guztira, aparkatzeko 3.600 leku izango ditu. Gainera, auto elektrikoak kargatzeko 113 leku egongo dira eta 400 bizikleta aparkatzeko geltokiak.
‘Shopping’ zona berria
Aisialdi eta ostalaritza eraikin bat ez ezik, erosketak egiteko 45 dendako shopping zona berri bat izango du Garbera berrituak 2023tik aurrera. Erosketen gune horretako marka askoren izenak dagoeneko aurreratu dituzte merkataritza zentroko arduradunek. Horietako bat da Primark arropa katea. 3.900 metro koadro izango ditu dendak, bi solairutan banatuta. 2022 bukaerarako edo 2023 hasierarako aurreikusten dute zabaltzea.
Kirol arropa saltzen duten bi marka ezagunek ere denda irekiko dute Garberako erosketen zona berrian: Sprinter eta JD Sports. Horrez gain, Maisons du Monde altzari denda, Aristocrazy bitxitegia eta zaintza pertsonalerako produktuak eskaintzen dituen Rituals markaren establezimendu handiago bat zabalduko dute.
Donostia «erosketen eta modaren erreferente» bihurtzeko Garbera handitzea «ezinbestekoa» zela adierazi dute merkataritza zentroko arduradunek. «Esperientzia berriak eskaini nahi ditugu, bezeroak erosketak egiteko era berriaz goza dezan. Gure aisialdi eskaintzarekin ere gauza bera lortu nahi dugu», azaldu dute. Bestalde, Garberak izango duen «eboluzioa» nabarmendu dute: «Merkataritza zentro tradizionaletik bezeroarentzako esperientzia integralera pasako da. Eskaintza hori aisialdian, kalitatezko ostalaritzan zein merkataritzan oinarriturikoa izango da. Gainera, ingurune natural batean integratua». Garbera merkataritza zentro «hobeagoa» izango dela gaineratu dute; «harrigarria, berritzailea eta jasangarria».
Garbera handitzeak 1.000 lanpostu «iraunkor» sortuko dituela nabarmendu dute arduradunek. «500 lanpostu zuzenak izango dira, eta beste hainbeste zeharkakoak. Gaur egun 1.000 langile inguru ditugu, eta horietatik %70 dira emakumezkoak eta %50 donostiarrak».
Merkataritza txikia
Hasieratik zeresana eman du Garbera berritzeko hirigintza planak, eta merkataritza elkarte batzuk kontra agertu dira. Batez ere, saltoki txikientzat kaltegarria izango dela argudiatuta. Hedabide honek horren inguruan galdetu die Garberako arduradunei, eta oso bestelako ikuspegia plazaratu dute: «Gure ustez hiriko eta lurraldeko eskaintza osatzeko baliagarria izango da Garbera berritzea. Argi dugu sortuko dugun eskaintza lagungarria izango dela guztiontzat. Gainera, guk hasieratik kolaboratu dugu merkataritza txikiarekin, eta, horregatik, hemengo markek lekua dute gure merkataritza zentroan. Batez ere, gastronomia eta moda alorrean».


