Arantza Santestebanen '918 gau' filmak irabazi du Doclisboa zinemaldiko sari nagusia
918 Gau, Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) zuzendutako film dokumentalak, Doclisboa Zinemaldiko Nazioarteko Lehiaketako Film Onenaren Lisboa Hiria saria irabazi du. Santesteban Donostian bizi da duela urte batzuetatik hona, eta besteak beste, Irati Gorostiaga donostiarra da filmaren zuzendari laguntzailea.
2007ko urriaren 4an, Santesteban atxilotu eta espetxeratu zuten Batasunaren kontrako sarekada baten harira. Zenbait oroitzapen gordetzen ditu egun haietatik: “Patioko joan etorri amaigabeak, igeriketa lehiaketak, Rasharen bizipen latzak kartzelan…”. 918 gau pasa zituen kartzelan Santestebanek, eta kaleratu zutenetik, grabagailu batean jaso zituen bere oroitzapenak. Hemen ikus daiteke Txintxua Filmsek ekoitzi duen pelikularen trailerra.
Honela kontatzen du Santestebanek proiektuaren sorrera: “Kartzelan egon nintzenean jaso nituen gutunak kartoizko kaxa batean gordeta neuzkan, nire gurasoen etxean. Bisitan joaten nin- tzaienean, kaxaren aurretik pasatzen nintzen. Begiratzen nion, baina ez nuen ireki nahi. Egun batean, kartzelatik atera eta sei urtera, eseri, eta artxibo hura osatzen zuten gutunak eta argazkiak ateratzen hasi nintzen. Aurrez aurre neuzkan milaka kaligrafia, argazki eta sostenguzko mezu. Orduan ohartu nintzen zein balio handia zeukan artxibo hark, ez bakarrik emozionalki, baizik eta baita bisualki ere”.
2018an Ikusmira Berriak programan hautatua izan zen Santesteban. Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zinema Eskolak antolatutako nazioarteko egoitza programa da. Han garatu zen 918 Gau filma.


